Energia berriztagarriz hornitutako Kameruneko baserri-eskola baten proiektu batek lortu du Accenture XII. Saria

Actualizado: miércoles, 1 junio 2011 16:22

BILBO, 1 Jun. (EUROPA PRESS) -

Elkartasun ekimen batek jaso du aurten Accentureren babesa duen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko karrera amaierako proiektu onenaren saria, energia berriztagarriz hornitutako Kameruneko baserri-eskola batek, hain zuzen ere. Abereen hondakin organikoen kudeaketa hobetzen duen sistema bat da, lurzoruaren kutsadura murrizten duena eta baserriko sukaldean erregaitzat erabiltzen den zura, biogasarekin ordezkatzen duena.

Karrera amaierako proiektu onenaren XII. Accenture Saria banatzeko ekitaldia gaur goizean izan da, Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan, eta bertan izan dira Accentureko eta eskolako zuzendaritzako arduradunak.

Paula Jaureguibeitia izan da proiektuaren egilea, Ingeniaritza Kimikoan titulatua. Epaimahaiaren aurrean bere proiektua defendatu ondoren, pasa den urtarrilaren bukaeran, 14 asterako bere lana zuzentzera eta ia 36.000 euroko aurrekontuarekin, Paulak Camerunera bidaiatu zuen. "Esperientzia guztiz aberasgarria izan da, bai maila pertsonal bai eta maila profesionalean ere, eta oso harro sentitzen naiz karrera amaierako nire proiektuak, egiazko arazo bati aurre egiteko balio izana", azaldu du.

11 hektareatako azalerako lursail batean, Nazareth zentroa dago 20 ikasle eta hamar irakaslerekin; bederatzi hektarea nekazaritzarako erabiltzen dira eta zenbait eraikinez osatutako gunea ere kokatzen da, bertan, gelak, bulegoak, zerbitzu ezberdinak, garajeak, biltokiak eta abere ezberdinen ukuiluak kokatzen direlarik. Nekazaritzako teknika ezberdinen ikasketekin batera, ikasleek osasun eta elikadurako oinarrizko prestakuntza bat ere jasotzen dute, prestakuntzaren ondoren, euren baserri propioak jartzeko gai izateko asmoarekin.

Ekimen honek Itaka-Escolapios GKEren kolaborazioa eta Mugarik Gabeko Ingeniariak erakundearen aholkularitza izan du. Baserri-eskola, 2003an Escolapiosek egindako garapenerako kooperazio ekimen batetik sortu zen, abereen hondakin organikoen kudeaketan zailtasunak zeudela ohartu ondoren. Honekin batera, langileen osasun arazoei eta lursailen gehiegizko nitrifikazioak eragindako arazoei aurre egin asmoz.

ABANTAILAK

Testuinguru honetan, simaurra biogasa bihurtzen duen instalazio honek ez ditu soilik bi arazo hauek konpontzen, lortzen den gas horrek etekin ekonomikoak ematen dielako eta zentroko sukaldean zura erabiltzea saihesten duelako. Azken finean, sistema honek, instalazio ekologiko eta iraunkorraren bitartez, independentzia energetikoa eskaintzen du, zuraren erreketarekin sortzen diren keak eta arbolen mozketak saihestuz.

Abantailen osagarri bezala, instalazioak ongarri kimiko sintetikoak ezabatzen ditu baserrian. Egunero sortzen den simaurra urarekin nahastuz, biogasa ekoizten da, biol bezala ezagutzen den hondakin likidoarekin batera.

Paula Jaureguibeitiak diseinatu duen proiektu honek aurrekontuaren mugak izan ditu, garapenerako zein mantenurako, kostu baxuak mantendu behar izan dituelako. Era berean, konplexutasun tekniko gutxiko sistema bat garatu behar izan du, bai erabilerari dagokionez bai eta mantenuari dagokionez ere, zonalde honetako beste baserri eskoletara esperientzia hau eramateko aukera baten aurrean ere, baserri-eskolako langileak gaitasuna izan dezaten.

Era honetan, Paularen lanak desmuntatu daitekeen neurri txikiko biokudeatzaile bat egin du baserri-eskolako ikasleek diseinatzen, eraikitzen eta era honetako instalazioen mantenua egiten ikasi dezaten. Eta erabilera eta mantenuaren aldetik ere, trebakuntza tailerrak antolatu dira erabiltzaileak guztiz autonomoak izan daitezen.

Accenture Saria, aholkularitza-enpresa honek Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, Eskolaren Heziketa-Lankidetza Programaren baitan mamitutakoa. Aurkeztutako lanen izaera berritzailea eta ekarpen teknologikoa dira saria ematerakoan gogoan erabiltzen diren irizpide nagusiak.

Saria 1.800 eurokoa da eta epaimahaia, Eskolako hiru kidez, (Enrique Amezua, zuzendaria, José Ramón Otegui, Proiektuen Ingeniaritzako irakaslea eta Ernesto Cudillero, Enpresa Antolakuntzako katedraduna) eta Accentureko bazkidea den Xabier Ibañez jaunarekin osatzen da.