Energia nuklearrari buruzko gogoeta egin dute apirileko "Elhuyar zientzia eta teknologia" aldizkarian

Energia nuklearrari buruzko hausnarketa egin du "Elhuyar" aldizkariak
ELHUYAR FUNDAZIOA
Actualizado: lunes, 4 abril 2011 13:28

BILBO, 4 Abr. (EUROPA PRESS) -

"Elhuyar zientzia eta teknologia" aldizkarian energia nuklearraren gaia sakonki landu da apirileko zenbakian. Izan ere, apirilaren 26an, 25 urte beteko dira Txernobilgo hondamendia gertatu zela, eta horrelako datak aproposak izaten dira gertatutakoa oroitzeko, Elhuyar Fundaziotik adierazi dutenez.

Gainera, aurten lehenago gogoratu da Txenobilgo gertaera, Japoniako Fukushima zentraleko istripuaren ondorioz. Askok Txernobilgo hondamendiarekin parekatu dute berehala Fukushiman gertatutakoa, baina, izatez, bata eta bestea ez dira berdinak, ez istripuaren abiapuntuan, ez ondoren hartutako neurrietan, ezta komunikazioan ere.

Hala ere, puntu berberen gaineko gogoeta piztu dute biek. Orduan bezala orain, nagusiki hiru gairen inguruan bildu dira eztabaidak: segurtasuna, gardentasuna eta industria nuklearraren etorkizuna. Horri guztiari buruzko gogoeta egin dute, besteak beste, Igor Peñalva eta Jose Ramon Etxebarria fisikari nuklearrek zenbaki honetako artikulu berezian.

Beste erreportaje batzuk ere argitaratu dira apirileko zenbakian, hala nola Rolf Heuer fisikaria eta CERNeko zuzendariari eginiko elkarrizketa edo megahiriei buruzko erreportajea.