Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak ekonomietan giltzarri diren sektoreak sustatzeko beharra azpimarratu du

Gemma Zabaleta
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 30 junio 2011 13:42

BILBO, 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eskualdeko eta nazioarteko enpresa-berrikuntzari buruzko InnTegra proiektuaren beste edizio bati amaiera eman dio gaur Ermuan Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta giltzarri diren sektoreak sustatzeko beharra azpimarratu du.

Azken bi egunetan nazioz gaindiko foro hori baliagarria izan da teknologiaren arloan berrikuntza sustatzeko eta lankidetzan jarduteko sare egonkorrak eratzeko hainbat proiektu ezagutzeko.

Zabaletak talentuen ihesa aipatu du, tokiko ekonomikoentzako arriskutsua dela eta. Arrisku hori, haren iritziz, "toki-mailako ekonomietan giltzarri diren sektoreak sustatuz saihestu liteke". Testuinguru horretan, Ermuko herrian ematen ari den eraldaketa-prozesua aipatu du, "udalerri erakargarri, ireki eta parte-hartzaile ez ezik, herri berritzaile eta ekintzailearen eredu ere bihurtu baita".

Enplegu sailburuak, "enpresa-sortzailearen figura gazteentzat erakargarri egiteko behar dituen balioez hornitu behar dugu", adierazi du berriro ere. Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak aurten onartuko duen "enplegurako euskal estrategiak" toki-mailako eta eskualdeko garapena sustatuko du ekintzailetza berritzailearen ikuspuntutik, eta egun Lanbidek enpresa-sortzaileei laguntzeko egiten duen lana bultzatuko du, prestakuntzaren, aholkularitzak eta diru laguntzak direla medio.

"Estrategia horren ildoetako batek balio positibo gisa sustatu nahi ditu enpresa sortzaileen kultura eta arriskuak hartzeko hautua, lanpostu gehiago eta hobeak sortzen laguntzen duten enpresak sortzea helburu", nabarmendu du sailburuak, Jaurlaritzaren proiektu berria hizpide zuela.