Enpresarean Azoka urriaren 25ean ospatuko da eta bertaratzeko izen-ematea zabalik dago

Enpresarean Azoka 2018
BAI EUSKARARI
Actualizado: miércoles, 19 septiembre 2018 12:12

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Azokaren laugarren edizioak pertsonak, digitalizazioa eta eraldaketaren erronka izango ditu hizpide, urriaren 25ean, Orona Ideon, Hernanin (Gipuzkoa). Ekitaldia 08.30etik 14.30era izango da, askotariko hitzaldiak eta solasaldiak jasoko dituen egitarauarekin, eta bertaratzeko izena emateko eopea zabalik dago jada. Parte hartzeko interesa duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/ilkN0fdAdcrhk9Xa2

Antolakuntzak jakinarazi duenez, etorkizuneko eraldaketaren paradigma aurrean izanik, teknologia, robotizazioa eta lanpostu berriak bezalako gaiak izango dira eztabaidagai, enpresa eta ingurune digitaleko adituen parte hartzearekin, euskaratik eta euskaraz.

Horrela, egitaraua hiru bloke nagusietan banatuko da eta bakoitzean enpresa alorreko gonbidatu bereziak izango ditugu. Lehenik eta behin, "Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak" hizpide izanik, Orkestrako zuzendari nagusi Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok hitzaldi bana eskainiko dute, eta, ondoren, mahai ingurua partekatuko dute Imanol Esnaola (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Ixaka Egurbide (IMHko zuzendaria) eta Iker Barrenarekin (CEO Hispavista Labs).

Bigarren zatian eraldaketa digitalean jarriko da arreta, "Eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?" galderari erantzun nahian. Horretarako, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolak hitzaldia eskainiko du eta solasaldia partekatuko du inguruko profesional erreferenteekin; besteak beste, Rikar Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da solasaldian, egungo hezkuntza sistema eta etorkizuneko lanbide sistemaren erronken inguruan hausnartzeko.

Bukatzeko, lanaren inguruan sakontzeko, LKS-Prospektiker-eko zuzendari nagusi Ibon Zugastik Millenium proiektuari buruz hitz egingo du eta etorkizuneko lanbide sistema irudikatuko du. Gainera, Nuria Agirre Laboral Kutxako Giza Baliabideetako arduraduna bezalako adituak gonbidatuko ditu oholtza gainera, etorkizuneko erantzunak partekatzeko.

Enpresarean Azoka "zapore onarekin" amaitzeko, nahi duenak profesionalen arteko bazkarian gelditu ahal izango du, 13 euroko self service-an.

Bestalde, aurreko edizioetan bezala, "Ekintzaileon txanpa" ekintzaileei zuzenduriko saioa egongo da, eta parte hartzaileek hiru minutuan azaldu beharko dituzte haien ideiak edo proiektuak. Helburua da ekimen berriak ezagutzea eta ekarpenak egitea, sormena garatu zein elkarlanerako bide berriak irekitzea. Epaimahaiak parte hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko laguntza eskainiz. Saioan parte hartu nahi duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/J1nMSJ5PRkcMNoz43