Enpresari sariek LHko ikasleek ekintzailetzan eginiko hamar proposamen onenak aitortuko dituzte ostegunean

Actualizado: miércoles, 24 mayo 2017 16:46

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA Enpresa Garapenerako Agentziaren bidez, Lanbide Heziketako ikasleek ekintzailetza arloan egindako proposamen onenak sarituko diru Enpresari lehiaketarekin. Aurtengo edizioan aukeratutako hamar proiektuek ostegunean jasoko dituzte sariak, maiatzaren 25ean, Zorrotzaurreko 6. pabilioian, Bilbon, 18:30etik aurrera.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, Enpresari lehiaketaren helburua da Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleen artean kultura ekintzailea sustatzea, autoenplegurako eta laneratzerako alternatiba gisa enpresa bat sortzeko aukera kontuan har dezaten.

Aurtengo deialdira 200 ideia baino gehiago aurkeztu dira, eta 500 ikaslek baino gehiago defendatu dituzte. Haietatik 50 aukeratu dira proiektu gisa garatzeko, eta 50 ideia horietatik, Enpresari lehiaketaren 2016-2017 edizioan sarituko diren hamar proiektuak aukeratu dira.

Lehiaketaren bidez saria ematen zaie enpresa proiekturik onena aurkezten dutenei. Proiektu onena da ekimenik handiena erakusten duena eta enpresa mundura bideratutako gaitasunak ondoen garatzen dituena. Sariak honelakoak dira: 1.500 euro lehenengoarentzat, 1.200 euro bigarrenarentzat, 1.000 euro hirugarrenarentzat eta 500 euro gainerako zazpientzat.