Enpresei laguntza eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko eskualdeetako jardunaldiak hasi ditu SPRIk

SPRIren jardunaldi bat
SPRI
Actualizado: lunes, 13 marzo 2017 11:58

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

SPRI Taldeak astelehen honetan hasi ditu, Arrasaten, Euskadiko eskualdeetan antolatu dituen jardunaldiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak 2017rako eskaintzen dituen laguntzak eta zerbitzuak azaltzeko asmoz. Guztira, 15 saio izango dira eta maiatzaren 18an bukatuko dira.

Jardunaldi horiek osatu egingo dituzte joan den astean Euskadiko hiru teknologia parkeetan egin zirenak, zeintzuetan 500dik gora enpresari elkartu baitziren bertatik bertara ezagutzeko eskaintzen diren laguntza publikoak.

Aurkeztutako laguntzen helburua da babesa ematea euskal enpresei lehiakorragoak izateko, nazioarteko bihurtzeko eta Europako abangoardian kokatzeko 4.0 Industriaren aplikazioan. Horrela, esaterako, I+G programentzat bakarrik 142,6 milioi euroko diru laguntzak emango dira.

Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, laguntza programa horiek "hobetzen ari dira urtez urte, enpresen eskaerei egokituz". "SPRI Taldea leihatila bakarra izatea nahi dugu, Sailak beste laguntza batzuek ere ematen baititu", gaineratu du.

Programa horien artean aipatzekoa da Renove Makineria plana, apirilaren erdialdean abiatuko dena, bederatzi milioi inguruko aurrekontuarekin (2016an baino milioi bat gehiago). Plan horrek %15eko laguntza emango du, gehienez 70.000 euro makina bakoitzeko. Ekintzailetza laguntzeko tresnek 5,8 milioi euroko zuzkidura dute, eta ETEetan EIKTen alde egin den apustuak, berriz, bederatzi milioi euroko aurrekontua. Gainera, 96 milioi euro bideratuko dira garapen industrialera.

Euskadiko eskualdeetan egingo diren 15 jardunaldietako lehena astelehen honetan da, Arrasaten, Garaia Gunean, Saiolan eta Debagoienaren eskutik. Martxoaren 17an izango da hurrengoa, Zarautzen (Urola Mankomunitatean), Urola Kostako Udal Elkarteak antolaturik; martxoaren 31n Zuatzu Industrialdean; martxoaren 23an Leioako Mendibile Jauregian; martxoaren 30ean Durangaldeko Behargintza zentroan; martxoaren 31n Errenterian; apirilaren 4an Bilbon, Gaia klusterraren eskutik; apirilaren 5ean, Bizkaiko Txorierri eskualdean; apirilaren 6an Azkoitian; apirilaren 7an Goierri Fundazioaren Berrikuntza Gunean; apirilaren 25ean Ficoba eraikinean; apirilaren 27an Aclimak Bilbon duen egoitzan, eta azkenik, maiatzaren 18an AIC-k Zornotzan duen egoitzan.