Enpresei laguntzeko lehenengo hamar programak abiarazi ditu SPRIk

Actualizado: lunes, 27 enero 2014 12:26
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Euskal enpresek eta industriak dagoeneko eskura dituzte SPRI Taldeak 2014an martxan jarriko dituen lehenengo hamar laguntza programak. Guztira, 89,43 milioi euroko gastu publikoa egingo da eta laguntza horiek hainbat jarduera esparrutara zuzenduko dira, hala nola berrikuntzara, ekintzailetzara, teknologiara, elektronikako eta informazio eta komunikazioko teknologietara (EIKT), enpresen finantzaketara eta industriako makinak berritzera.

   Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen SPRI Taldeak www.spri.es webgunean eskaintzen ditu euskal enpresentzat diseinatutako laguntza eta zerbitzu guztiak. Web orri horren bitartez kontsultatu eta eskuratu daitezke laguntza programak, bai eta euskal enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen zerbitzu eta eduki guztiak (jardunaldiak, aurkezpenak, argitalpenak eta abar) ere.

   Modu honetan, SPRIko iturriek jakinarazi dutenez, dagoeneko zabalik dago Etorgai, Gaitek eta NETs teknologia programetan eskaerak aurkezteko epea; programotan 69,1 milioi euro inbertituko dira.

   Etorgai programari dagokionez, 29 milioi euro banatuko ditu, eta otsailaren 28ra arteko epea dago industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektu integratuak -izaera estrategikokoak- gauzatzera bideratutako laguntzak eskatzeko. Hauek dira jarduera eremu zientifiko-teknologiko estrategikoak: biozientziak, nanozientziak, energia alternatiboak eta Garraio adimendunerako elektronika.

   Halaber, Gaitek programak 36,3 milioi euro banatuko ditu. Kasu honetan ere, otsailaren 28ra arteko epea dago produktu berriak garatzera eta produktu berriak garatzeko I+G+B jarduerak barne hartzen dituzten proiektuen sustapenera bideratutako proiektuetarako laguntzak eskatzeko.

   Nets programak oinarri zientifikoa eta teknologikoa duten enpresak merkaturatzeko helburua duten I+G proiektuetarako laguntzak banatuko ditu, eta 3,8 milioi euro aurrekontu saila dauka.

   Gainera, SPRIko Administrazio Kontseiluak beste zazpi programa onartu zituen joan den ostiralean, datozen asteetan zehar Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren indarrean sartuko direnak. Une horretatik aurrera, posible izango da www.spri.es atarian laguntza eskaera egitea.

BERRIKUNTZA ETA IKT

   Horrela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak berrikuntzari laguntzeko garatu duen estrategia berriak Innobideak du izena eta haren barruan sartzen dira Lehiabide eta Kudeabide programak.

   Lehiabide programaren helburua da, bi milioi euroko zuzkidurarekin, laguntzak ematea garatzeko, hazteko eta nazioarteko merkatu berrietara sartzeko asmo sendoa duten enpresetan lehiakortasuna hobetzeko ekintzak garatzeko.

   Hala, programa honen bidez jarduera desberdinak babestuko dira, esaterako, negozio eredua birdefinitzea, produktu edo zerbitzu berriak diseinatzea eta enpresa arteko integrazio edo lankidetza prozesuetatik eratorritako antolakuntza egitura berriak diseinatzea, helburutzat harturik tamaina egokia lortzea lehiatzeko eta berritzeko. Martxoan argitaratuko da eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.

   Kudeabide programari dagokionez, foru aldundiekin eta Euskalitekin lankidetzan, 1,63 milioi euroko aurrekontua dauka. Aurrekoaren epe berdinekin, programa honen helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea kudeaketa aurreratuko metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatuz eta ezarriz enpresa estrategian, bezeroekiko harremanetan, hautaketa prozesuen hobekuntzan, enpresaren lan sozialean, berrikuntzan eta emaitzen ebaluaketan.

   Gainera, +Digitala@ programaren barruan dauden bi ekimenek 3,65 milioi euroko zuzkidura dute eta beren helburua da barne prozesuak eta bezero, hornitzaile edo administrazioekiko harremanak digitalizatzeko lanak bultzatzea ETEetan (Hobeki+digital@) eta enpresa elkarteetan (Lankidetza +digital@). Eskaerak aurkezteko epea otsailean zabalduko da, eta lehenengoa irailaren 23an amaituko da eta bigarrena, berriz, urriaren 30ean.

EKINTZAILETZA

   Bestalde, Ekintzaile programak 1,75 milioi euro banatuko ditu industriaren sektoreko edo industriarekin lotutako zerbitzuen sektoreko oinarri teknologikoko eta enpresa eta berrikuntza zentro (EBZ) baten tutoretzapeko enpresa proiektu berriei laguntza finantzarioa emateko, hasi negozio ideiaren heltze fasetik eta enpresa martxan jartzeraino.

   MiniConnect programa laguntzak hazteko potentziala duten industria enpresa berritzaileek garatutako enpresa proiektuentzat da, eta 0,8 milioi euro erabiliko ditu hazteko gaitasun handia duten enpresa proiektu gazteak azkartzeko.

   Azkenik, finantzaketa lortzeko eta makinak berritzen laguntzeko programen artean, AFI egitasmoak laguntzak banatuko ditu ibilgetu ukiezin edo material berrietan inbertsioak egiteko, eta sektore industrialean zirkulatzailea finantzatzeko. Milioi bat euro banatuko ditu euskal enpresa txiki eta ertainen inbertsio proiektuak bideratzeko.

   Renove Makina Industrialak programak, aldiz, 9,5 milioi euro banatuko ditu Euskadiko ETEek makina berriak erosi eta beren modernizazioa, segurtasuna eta produktibitatea sustatu dezaten. Atzeraeraginezko izaera izango du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera.