Enrique Viana tenoreak "Banalites y Vianalites" kabaret lirikoa protagonizatuko du bihar BBK Aretoan

El tenor Enrique Viana en un espectáculo
EP/AYUNTAMIENTO DE MADRID
Actualizado: viernes, 25 febrero 2011 15:10

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak BBK Aretoan eskaintzen duen programazioak aurrera darrai bihar "Banalites y Vianalites" ikuskizun liriko-komikoarekin, arratsaldeko 20:00etan hasita. Ikuskizun honetan, Enrique Viana tenorea arituko da eszenatokian, operako pieza ezagunen interpretazioa eta bakarrizketa barregarriak tartekatuz, Daniel Oyarzabal pianistak lagunduta.

Aretoko arduradunek jakinarazi dutenez, biharko ikuskizuna "Hurbiltasun Antzokia" egitarauaren barnean eskainiko da. Programa horrek askotariko ikuskizunak eskainiko ditu apirilera arte Bilboko erdiguneko areto berrian, Arriaga Antzokiak eta BBK-k sinatutako hitzarmenari esker.

Enrique Viana tenore madrildarra da "Banalites y Vianalites" (Arinkeria sakonak musika-ekitaldi batean) obraren egilea, zuzendaria eta protagonista. Obrak, Offenbach, Verdi, Meyerbeer, Poulenc eta C. Gounod-en musika hartzen du barne.

Tenore madrildarrak genero propioa sortu du eta berak jarri dio izena: "kabaret lirikoa". Daniel Oyarzabal piano-jotzailearen laguntzarekin, operako aria ederrenetako batzuk interpretatzeaz gain, bakarrizketarako duen talentu paregabea baliatuz, aske uzten du bere umore zitala eta azalera ekartzen du bere alderdi kaskarin eta probokatzaileena.

Bilboko ikusleek artista hau "Tenor vivo y al rojo" obrarekin ezagutzeko aukera izan zuten lehen ere. Oraingoan, "Banalites y Vianalites" ikuskizunarekin gozatuko dute. Opera frantsesa da ikuskizunaren protagonista musikala, eta adimena, ernetasuna, gustu ona eta txorakeriak dosi berdinetan uztartzen dira.