EOSeko hainbat kidek Rorem eta Naulais-en lanak interpretatuko dituzte Miramongo Matinee berri batean

Actualizado: viernes, 28 enero 2011 11:59

DONOSTIA, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Miramongo Matineeak zikloko beste emanaldi bat izango da bihar Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin (EOS) egoitzan, Donostian. Oraingoan, EOSeko kideek eta hainbat lankidek osatutako ganbera orkestrak izaera pedagogikoa izango duen kontzertua eskainiko dute, musikarekiko eta instrumentuekiko grina entzuleei helarazteko ahaleginean. Horretarako, Ned Rorem eta Jerome Naulais konpositore garaikideen partiturak aukeratu dituzte, EOSeko iturriek jakinarazi dutenez.

Jerome Naulais 1951ean jaio zen, musikarien familia batean. Pariseko CNSM-n musika ikasketak burutu zituen. 1976an sortu zenetik Pierre Boulez-ek zuzentzen duen Ensemble Intercontemporain taldearen bakarlaria da. Pedagogiaren arloan, metodo, azterlan eta lehiketetarako hainbat lan konposatu ditu. Konpositore gisa, ganbera musika eta obra sinfoniko ugari sortu ditu.

Ensemble Intercontemporain-en enkarguz, 1984an "Labyrinthe" aurkeztu zen Pariseko George Pompidou zentroan. "Instrumentuak kanpainian" Stravinskyren "Soldadu baten istorioa" obraren sarrera gisa interpretatzeko konposatu zuen, eta bertan, instrumentu bakoitzak bere izaeran erakusketa labur bat egiten du.

Ned Rorem Richmonden (AEB) jaio zen, 1923an. Philadelphiako Curtis Institute of Music ospetsuan konposizioa ikasi zuen. Hitza eta musikak bat egiten dute bere lanean. Bere ibilbide luzean zehar, hiru sinfonia, pianorako lau kontzertu, hamar opera, ganbera-talde ezberdinetarako musika, baletak, antzerkirako musika eta ehundaka abesti zein ziklo sortu ditu. Hamasei liburu idatzi ditu, memorien bost bolumen, irakurketak eta izaera kritikodun lanak bilduz.

Bere lanak zuzendu dituztenen artean Bernstein, Masur, Mehta, Previn edo Slatkin daude. Amerikar Akademiaren presidente izana, 2004an Frantziako Gobernuak Arte eta Letren Ordenuko Zaldun izendatu zuen. "Hamaika azterlan hamaika musikarirentzat" konposatu zuen Buffaloko Unibertsitatearen enkarguz 1959an, eta Roremek berak zuzendu zuen estreinaldia 1960an.

Kontzertua 11:00etan hasiko da, eta sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita EOSen txartel-leihatilan, kontzertuaren egunean, 10:30etatik aurrera.