Erabiltzen ez diren sakelako telefonoak batuko dira Donostian, Kongon ekintza humanitarioak egiteko

Eneko Goia eta María del Mar Magallón
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 26 abril 2018 13:58

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udalak bat egin du Alboan GKEren "Mugikorrak Kongoren alde" kanpainarekin, eta horrela, erabiltzen ez diren eskuko telefonoak batuko ditu hirian, Kongoko Errepublika Demokratikoan ekintza humanitarioak egiteko. Zehazki, kutxa bana jarriko du udal eraikin bakoitzean, hiritarrek jada erabiltzen ez dituzten telefonoak utzi ahal izateko.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta María del Mar Magallón Alboan Fundazioko zuzendariak prentsa agerraldia egin dute ostegun honetan, udaletxean, kanpainaren nondik norakoak azaltzeko. Alboan GKEk 20 urte daramatza lanean eta etengabeko jardunean Latinoamerikan nazioarteko lankidetzaren alde, eta giza eskubideen urraketari eta desberdintasunari aurre egitea du xede nagusia.

"Gatazkarik gabeko teknologia" ekimenaren baitan antolatu da kanpaina. Kongoko Errepublika Demokratikoan egiten diren eskubideen urraketa "guk teknologiarekiko egiten dugun kontsumoarekin zuzenean lotuta" dagoela salatzea da asmoa.

Goiak adierazi duenez, "oso garrantzitsua da erakundeek mota honetako ekimenetan parte hartzea, gaur egun bizi ditugun desberdintasunak azalarazten laguntzen baitute". Horrela, Donostiako Udalak "atsegin handiz" hartu du Alboan erakundearekin lankidetza, "gure ekarpen txikia egingo dugulako gure gizartean dagoen gai baten inguruan sentsibilizazioa areagotzeko". "Denok daukagu sakelako telefono bat, baina askotan ez dakigu teknologia horren atzean ezkutatzen dena", esan du.

Bestalde, María del Mar Magallón-ek nabarmendu duenez, "hainbat mineralen legez kanpoko erauzketa da giza eskubideen urraketa eta Kongon bizi den gerratearen arrazoi nagusietako bat". "Sakelako telefonoak birziklatzeari eta berrerabiltzeari esker, mineral gutxiago erauziko da Kongoko ekialdean", gaineratu du.

20 LEKU

Modu honetan, Donostiako 20 lekutan egongo diren kutxetan Alboan GKE-k prestatutako leloa erabiliko da: "Jar ezazu hemen zure mugikor zaharra eta Alboan elkarteak iheslari eta desplazatutako pertsonentzako hezkuntzarako aukera bihurtuko du".

Herritarrek erabiltzen ez dituen sakelakoak honako gune hauetan utzi ditzakete: Udaletxea, Goikoa jauregia, Urdaneta, Altza eta Morlanseko bulegoak, Aieteko Bakearen Etxea, Emakumeen etxea, Udal Zerga Bilketa bulegoa, Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Cristina Enean Ingurumen saila, Aieteko Topalekua eta auzo guztietako Gizarte Ekintzako bulegoak. Kultur etxeetan, liburutegietan eta kiroldegietan ere kutxak jarriko dira aurki.

"Gatazkarik gabeko teknologia" Alboan GKEren kanpaina bat da. Asmoa da ezagutzera ematea sakelako telefonoek, tabletek eta ordenagailuek duten lotura Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin. Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatzen den giza eskubideen urraketaren eta guk kontsumitzen dugun teknologiaren artean dagoen lotura zuzena salatzea da helburua. Gainera, kanpainaren baitan hainbat jarduera aurreikusten dira, besteak beste, sinadura bilketa off line nahiz on line eta diru ekarpenak.