Eragile teknologiko guztiak biltzeko euskal entitatearen sorrera iragarri du Jaurlaritzak

Neiker zentroko ikertzaile bat
JAVIER LARREA/AGEFOTOSTOCK
Actualizado: jueves, 2 noviembre 2017 12:43

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Saileko sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak prozesu bat hasi duela euskal entitate teknologiko bat sortzeko, herrialde marka indartzeko alde batetik, eta sinergiak aprobetxatzeko, eskaintza zientifiko-teknologikoa koordinatzeko eta ikerketa kolaboratibo eraginkorragoa lortzeko bestetik. Tapiak Quebecen egin du iragarpena, Jaurlaritzaren ordezkaritza bat egiten ari den bidaia ofizialean.

Bidaia instituzionalaren barruan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru duen euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu du Quebeceko Ikerketa eta Berrikuntza Institutua. Zentroa argindar sareko operazioetan espezializatua dago. Energiaren sektorea "lehentasunezko esparrua" denez Euskadiren espezializazio adimenduneko estrategian, bisitak "berebiziko interesa" izan du Jaurlaritzarentzat.

Bisitaren ondoren, Tapiak adierazi du garrantzitsua dela euskal eragile teknologikoek "erreferentziazko nazioarteko bazkideak" izatea, hau da, "ikertzeko gaitasuna eta merkatuko posizionamendu argia duten kolaboratzaile-bazkideak".

"IREQ-Hydro Quebec Institutura eginiko bisitan ikusi dugu nolako apustua egiten ari diren sektore horretako I+G+B arloaren alde, eta gure burua islatuta ikusi dugu, besteak beste, CIC EnergiGune zentroarekin partekatzen duten ekimenean eta antzekoetan", azaldu du.

Horrela, Euskadiko eragile teknologikoak "tamainaz txikiak" baina "gaitasunez handiak" direla nabarmendu du. "Horregatik uste dugu, agenteen atomizazioa kontuan izanda, dela teknologia zentro gisa, dela ikerketa kooperatiboko zentro gisa, indar eta nazioarteko posizionamendu hobea behar duela", gaineratu du.

ENTITATE BEREAN

Zentzu horretan, Tapiak iragarri du Jaurlaritzak prozesu bat hasi duela euskal entitate teknologiko bat sortzeko, "ez bakarrik herrialde marka indartzeko, baizik eta baita sinergiak aprobetxatzeko, eskaintza zientifiko-teknologikoa koordinatzeko eta ikerketa kolaboratibo eraginkorragoa lortzeko ere.

"Kontua ez da guztiak uniformizatzea, baizik eta oreka bilatzea zentro bakoitzaren autonomiaren eta sistema osoaren kudeaketa onenaren artean. Eragile bakoitzak aukeran izango du entitate berrian sartu ala ez, eta sistema osoa jarriko da Euskadiren eta beren enpresen zerbitzura, eta hainbat gehiago atzerrian lan egiten bada", azaldu du.

Entitate berriaren izaera oraindik zehaztu gabe dago, baina Europan erreferentziazkoak diren erakundeen antzekoa izango da, eta Jaurlaritzaren finantzaketan oinarritzen diren teknologia zentroak eta ikerketa kooperatiboko zentroak bilduko ditu: teknologia zentroen aldetik, Tecnalia Research & Innovation, Azti, Neiker, eta IK4 Aliantza barruan dauden bederatzi zentroak (Cidetec, Gaiker, Azterlan, CEIT, Ikerlan, Lortek, Tekniker, Vicomtech eta Ideko), eta, ikerketa kooperatiboko zentroen artean, Biomagune, BioGune, Energigune eta Nanogune.

"Antolatzeko modu horri esker indartu egingo da sistema osoak nazioartean duen presentzia eta aukera gehiago izango dira Europako ekimenen finantzaketa gehiago erakartzeko. Funtsean, hobeto baliatuko dira mundura proiektatutako irudiak eta posizionamendu bateratuak eskaintzen dituzten aukerak", ziurtatu du.