Erakusketak, tailerrak eta hitzaldiak eskainiko ditu urrian Bilboargazki egitasmoak

Actualizado: domingo, 25 septiembre 2011 12:37

BILBO, 25 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bederatzi erakusketa, oso estilo eta gai anitzetakoak, bisitatu ahal izango dira Bilboko hainbat lekutan, urriaren amaiera bitartean, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen eta BBK-k laguntzen duen Bilboargazki 2011 ekimenaren barruan. Ekimenak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza izango du.

Aurten bere bosgarren ediziora helduko da Bilboargazki, eta hilabetez, argazkigintzaren hiriburu bilakatu nahi du Bilbo, izen handiko zenbait artistarekin harreman zuzena ere sartuz. Artista horien artean daude, besteak beste, Bosco Mercadal edo Sergio Tello. Hitzaldi magistralak eta argazkigintzaren zenbait alderdiri buruzko tailerrak emango dituzte, hastapen zein hobekuntza mailan.

Egitasmoa, argazkigintzak arte gisa eskaintzen dituen aukera zabalez jabetzeko "era bikaina" dela azpimarratu dute aurkezpenean, programatutako erakusketetan egongo diren erreferentzia estetikoen eta edukien ugaritasun handia direla eta.

Oraingoan, banakako eta taldekako lanen bederatzi erakustaldi izango dira, hainbat estilotakoak, argazkigintza sozial edo errebindikatzaileena, artistikoa, estudiokoa edo ikuslea urruneko paisaietara eta errealitateetara eramango duena, Txinara edo Kanbodiara, besteak beste, Yi Zhijian eta Frederic Chaubin argazkilarien lentearen bitartez, hurrenez hurren.

Iñigo Beristain eibartarra, Bosco Mercadal menorkarra, Sergio Tello katalana, Klass P. Schipper holandarra, Argizaiola sarira aurkeztutako lanen aukeraketa bat eta Aizkoa Perez gaztearena dira gainontzeko erakusketak.

Bederatzi erakusketekin batera, Bilboargazkiren programazioa hiru hitzaldirekin eta argazkigintzari buruzko hiru tailerrekin osatuko da. Lehenengo hitzaldia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak BBK Fundazioaren laguntzaz argitaratzen duen "Fotógrafos vascos" bildumaren seigarren liburukiaren aurkezpena izango da. Oraingo honetan, liburukia Iñigo Beristain argazkilariaren lanari eskainiko zaio, eta, zehatzago esanez, "La letra pequeña de mi memoria" arte-ikerketa egitasmoari. Ekitaldia urriaren 3an burutuko da, arratsaldeko 19:00etan, EHUko erakusketa aretoan.

Bigarren hitzaldia urriaren 7an izango da, eta mundu osoan sariak jaso dituen Bosco Mercadal argazkilariak emango du. Egileak bere erakusketa eta lana aurkeztuko ditu, "Poemas fotográficos" erakusketaren inaugurazioarekin bat etorriz, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Burtsako Udaltegian.

Amaitzeko, Sergio Tello erakusketa bat aurkeztu behar duen beste argazkilarietako bat izango da zaleekin hitz egingo duena, bere lanari eta "Imágenes de Rajasthan" erakusketari buruz. Hitzaldia urriaren 28an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Barrainkuako Udaltegian.

TAILERRAK

Argazkigintza tailerrak ere ohiko jarduera dira Bilboargazkiko programaren barruan. Maila aurreratueneko bi tailerrak edizio honetan gonbidatutako bi argazkilariek eskainiko dituzte. Bosco Mercadalek estudio barruko lanean oinarrituko du bere tailerra, elementuak, zirriborroak eta apunteak, argiztapena, konposizioa eta tratatze digitala, urriaren 8an.

Sergio Tellori dagokionez, egilearen ideiak irudian zehaztasun handiagoz irudikatu ahal izateko ezagutu behar diren tekniketan zentratuko da, sormenezko argazkigintzaren alorrean zein edizioan, muntaketan eta ukituetan. Tailerra urriaren 19an izango da.

Aurreko edizioetan antolatutako ikastaroek izan duten harrera bikaina ikusita, aurten umeei (8 eta 13 urte artekoei) zuzendutako hastapeneko argazkigintzako ikastaroa errepikatuko da. Izen-emateak 25 euro balioko ditu, eta prezio horren barruan, bederatzi MB-ko argazki kameraren oparia eta urriaren 16an AlhondigaBilbao 10:30etatik aurrera eskainiko den hiru orduko ikastaroa eta argazkiak egiteko kalera irteera bat sartuko dira. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira.

Tailer guztietan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago, eta www.federacionfotovasca.org edo www.bilboargazki.com webguneen bitartez egin ahal izango da.