Erosketak bizikletaz etxera eramateko zerbitzua izango da zazpi astez Donostiako lau auzotan

Erosketak bizikletaz etxera eramateko zerbitzua proban Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 marzo 2017 13:53

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak, Txita bizikleta enpresak eta Donostia Shops merkataritza plataformak salgaiak bezeroaren etxera eramango dituen zerbitzu berria eskainiko dute Erdialdean, Parte Zaharrean, Grosen eta Amaran, martxoaren 7tik apirilaren 22ra bitartean, "Cycle Logistics Ahead" Europako proiektuaren barruan.

Proiektuak helburu du zama bizikletak gehiago erabiltzea hirietan salgaiak garraiatzeko, zero isurpenen hiriko logistika garatzen laguntzen duten esparru baldintzak konfiguratu eta sustatzea eta erabiltzaileak eta merkatariak kontzientziatzea.

Horrela, ekimenaren sustatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, erosketak bizikletaz etxera eramateko zerbitzua zazpi astez eskainiko da proba pilotu modura. Denbora horretan, erabiltzaileek ez dute ezertxo ere ordaindu beharko. Zerbitzua Erdialdean, Parte Zaharrean, Grosen eta Amaran eskainiko da, hau da, 20001 eta 20007 eta 20010 eta 20011 posta kodeen artean dauden denda eta bezeroen etxebizitzetan.

Auzo horietan kokatutako 30 establezimendu baino gehiago atxiki zaizkio proiektuari. Dena dela, probaldia dirauen bitartean, denda gehiagok eman dezakete izena, interesa izanez gero. Horretarako, nahikoa da Donostia Shops merkataritza plataformarekin harremanetan jartzea.

Funtzionamendua erraza da: erosketak eginda, bezeroak, eskaintzen zaion ordutegiaren barruan, aukeratzen du komeni zaion ordu tartea. Dendak dei bat egiten dio edo whatsapp bat bidaltzen dio Txita enpresari, paketea bildu eta bezeroaren etxera eramateko, hark hautatutako ordu tartearen barruan.

Loradendak, farmaziak, jostailu dendak, liburu dendak, belar dendak, moda eta opari dendak, optikak, surf dendak eta kate bereko denden arteko banaketak dira zerbitzu berriari atxikitako establezimenduetako batzuk. Zerbitzuak aukera ematen du erosketak erosotasunez egiteko, pisurik eraman gabe, erositakoa garraiatu behar izan gabe.

"Dendak, gainera, bezeroari balio erantsi bat eskaintzeaz gain, ingurumena errespetatu eta mantentzeko ekintzei lotzen zaizkie eta, horrela, ingurumen iraunkortasunaz arduratzen direla eta Donostiako iraunkortasun agendarako egokiak diren ekimenekin bat egiten dutela erakusten dute", azaldu dute.