Eroskik bere negozio esperientzia partekatu du Bilbon 50 enpresa sortu berrirekin

Eroskik bere esperientzia azaldu die enpresa sortu berriei
SPRI
Actualizado: jueves, 9 junio 2011 15:00

BILBO, 9 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eroski Taldeko Dibertsifikazioko Negozioen zuzendari nagusi Carlos Alcaldek 50 enpresa sortu berriri azaldu die zeintzuk diren talde kooperatiboaren esperientzian eta, zehazki, negozio berriak martxan jartzeko prozesuan lortutako hobekuntza eta ikaskuntzan oinarritutako kudeaketa eta negozio eredua eraikitzeko giltzarriak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko SPRI sozietateak sustatu du topaketa hau, gaur Bilbon ospatu den "Eroski Taldea. Estrategia on baterako giltzarriak" izenburuko jardunaldiaren barruan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, SPRIko Enpresa Sustapen eta Garapeneko Zuzendaritzaren ekimen honen helburua da enpresa sortu berri horientzat negozio aukerak atzeman eta identifikatzea eta, bide horretatik, sozietate publikoaren laguntza guztiak eskaintzea, proiektu berriei hazten eta indartzen laguntzeko.

Eroski Taldeak bere esperientzian funtsezkoak izan diren ondorioak eman ditu ezagutzera, interesgarriak izango direnak enpresa sortu berrientzat. Bestalde, enpresa horiek aukera izan dute beren produktuak zuzenean aurkezteko talde kooperatiboari, Eroski Taldea beren bezerogai den heinean. Horretarako, aldez aurretik bakarkako hitzordu batzuk antolatu dira eta hitzordu horiekin bukatuko da bi zatitan banatutako jardunaldi hau: batetik, alderdi teorikoa dago, esperientzian oinarritu dena, eta, bestetik, alderdi praktikoa, non SPRIk harremanetan jarriko baititu bezeroa eta hornitzailea.

BERTOKOEN ALDE

Bere ingurunean aberastasuna sortzeko hartu duen konpromisoari jarraiki, Eroski Taldeak tokiko hornitzaileen aldeko apustua egin du eta produkzio sektoreak sustatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko. Hala, bere kudeaketa politikaren barruan, bertako produktuak sustatzeko estrategia indartu du saltoki guztietan eta tokiko hornitzaileei laguntzeko hainbat neurri hartu ditu.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburu garrantzitsuenetako bat da nagusiki berritzaileak edota teknologikoak diren enpresa proiektu berriak sustatzea eta laguntzea. Helburu hori SPRIren eta EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) bitartez gauzatzen da; EBZ-k proiektu berriak babesten dituzte hasierako fasean, aholkularitza behar dutenean eta enpresa bihurtu ondoren kokaleku premian daudenean.

SPRI erne dago enpresa berri horientzako negozio aukerak atzeman eta identifikatzeko eta, bide horretatik, sozietate publikoaren laguntza guztiak eskaini eta proiektu berri horiei hazten eta indartzen laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak badaki zein garrantzitsua den lankidetza enpresa-sare indartsu eta lehiakor bat sortzeko, eta hala izanik, uste du ongi finkatuta dauden enpresen eta enpresa sortu berrien helburuak bateratuz gero, tokiko ekonomia eta EAEko garapen ekonomikoa indartuko direla.