Errefuxiatuei harrera egiteko eta laguntzeko EAEren konpromisoa adierazi dute

Lehendakaritzan izan den ekitaldian irakurri da adierazpen instituzionala
IREKIA
Actualizado: lunes, 3 abril 2017 13:41

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehenakariak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri instituzioen eta gizarte zibilaren "jarrera eta konpromisoa" eskaini ditu errefuxiatuen harreran "aktiboki laguntzeko" eta dagozkion eskumenen eta ahalbideen esparruan beharrezko bitartekoak eta baliabideak jartzeko.

Urkulluk adierazpen instituzional bat irakurri du astelehen honetan Lehendakaritzan, Gasteizen, Europan errefuxiatuekin bizi den krisi humanitarioaren aurrean, Jaurlaritzako sailburuak eta EAEko herri instituzioen ordezkaritza zabala, alderdi politikoak, alkateak, elkarteen eta GKEen ordezkariak, gizarte zibileko kideak eta euskal epailetzaren arduradunak ondoan zituela.

Adierazi duenez, "Euskadiko politikaren ordezkari garen aldetik, ezin dugu onartu modu akritiko batean krisi honen aurrean Europar Batasunak emandako erantzun murritza eta eraginik gabea". Ildo horetan, 2016an Mediterraneoan 5.000 pertsona hil direla gogoratu du, gehienak gerratik ihesi.

Hala, irakurritako adierazpenaren arabera, euskal herri erakundeek eta gizarte zibileko erakundeek konpromiso bat "eskatu eta eskaintzen" dute krisi humanitarioari erantzun eraginkor bat emateko, hori guztia "solidaritate, erantzukizun eta legaltasun printzipioari" eutsiz.

Horretarako, Laguntza Sistema Osagarri bat sortzea proposatu da pertsonei harrera egiteko, lankidetza egituratu baten bitartez, non Jaurlaritza, udalak, aldundiak eta erakunde sozialak lankidetzan arituko diren Espainiako Gobernuarekin, baita bisatu humanitarioen bidea modu adostu eta koordinatu batean bultzatzea ere, instituzio eta erakunde sozial desberdinen artean.

Ekitaldian euskal instituzioen ordezkarien testigantzak eta mezuak izan dira: Eusko Legebiltzarreko taldeartekoa migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen alde (Amaia Arregi -EAJ-, Jasone Agirre -EH Bildu-, Tinixara Guanche -Elkarrekin Podemos-, Rafaela Romero -PSE- eta Carmelo Barrio -PP-); Eudeleko lehendakari Imanol Landa; Ramiro Gonzalez (Araba), Unai Rementeria (Bizkaia) eta Markel Olano (Gipuzkoa) ahaldun nagisiak, eta hiriburuetako alkate Gorka Urtaran (Gasteiz), Juan María Aburto (Bilbo) eta Eneko Goia (Donostia). Gainera, errefuxiatuei harrera egiten eta laguntzen diharduten erakunde sozialen eta GKEen ahotsak ere entzun ahal izan dira.