Erregai-isurketa bati aurre egiteko protokolo baten simulazioa egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak bihar Ereagan

Actualizado: domingo, 19 junio 2011 14:58

BILBO, 19 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak kutsadurari aurre egiteko simulakro bat egingo du bihar, ekainaren 20an, Getxoko Ereaga hondartzan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzaren laguntzarekin. Jarduera-protokoloaren simulakroa abian jartzeko, simulazio bat egingo da: orban ilun olio-itxura batzuk egotea, seguruenik erregaizkoak, Ereagako hondartzan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamentu eta Sorospen Zerbitzuak jakinarazi ondoren, eta gorabeherari buruzko oinarrizko datuak bilduta, SOS-Deiak zerbitzuak kutsadurari aurre egiteko behar den antolamendu zehatza abiarazten du. Hainbat erakundek parte hartzen dute: Ertzaintzak, Helikopteroen Unitateak, Salbamentu eta Sorospen Zerbitzuak, Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoa.

SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak dei bat egiten dio Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren Esku Hartzeko Zerbitzuan guardian dagoen teknikariari, eta gorabeheraren berri ematen dio, abian jarri dituzten baliabideak aipatuz. Esku-hartzeetako teknikariak berretsi egin behar ditu horiek guztiak, eta gorabehera gertatu den lekura doala adierazi.

Beste alde batetik, Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Zentroak SOS-Deiak zerbitzuari jakinarazten dio ezen leku hartan dagoen patruila batek berretsi egin duela Ereagako Salbamentu eta Sorospen Postuak hasieran emaniko informazioa.

Handik berehala, aginte postu aurreratua ezartzen da, Ereagako salbamentu eta sorospen postuan: Ertzaintza, Getxoko Udala, Aldundiko Salbamentu eta Sospen Zerbitzua, Hondartzak Garbitzeko Zerbitzu Forala eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren arduraduna.

Baliabide horiek guztiak mobilizatuta, gorabehera kontrolatzeko lanei ekingo diete. Ertzaintzaren Helikopteroen Unitatea laster bertaratzen da, orbanaren eragina begiztatzeko: ea noraino hedatzen den hondartza eta itsasoan, eta ea nondik datorren. Bizkaiko Foru Aldundiak, Salbamentu eta Sorospen antolamenduaren bitartez, Ereagako badia berrikusten du, bai eta balizak ere, eta Getxoko Udalaren baliabideak laguntza emateko eta kontrol-lanetarako lan egiten dute.

Isurketa kutsatzailea kokatu ondoren, sorosleek balizak jarriko dituzte hondartzaren alde horretan. Osasun Publikoko teknikari batzuk bertaratuko dira, isurketak hondartzan diren erabiltzaileei kalterik eragin dien ala ez ebaluatzeko.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Hondartza Zerbitzuak mobilizaturiko garbikuntza zerbitzuek isurketa kutsatzailea kontrolatzen dute, eta kaltea jasan duen gunea garbitu eta tratatzen.

KUDEATZEKO SISTEMA INTEGRATUA

Simulakroak 14001:2004 arauak ezarritako baldintzei erantzuten dio. arau horrek dio beharrezkoa dela "ingurumenari buruzko larrialdi simulakroak egitea", ingurumena babestea lehentasuna baita.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta udalek hondartzak kudeatzeko sistema integratu bat dute; sistema horrek bermatzen du hiritarrei ingurumena errespetatzen duen kalitateko zerbitzua ematen zaiela. Atzo, ekainaren 16an, La Arenan egin zuten simulakroak sistema horren eskakizunei erantzuten die, hain zuzen ere.

Horrela, hondartzetako kalitate eta ingurumen egoera etengabe hobetzea bilatzen da, eta, batez ere, hondartza eta inguruetako garbiketa zerbitzuak sendotzea eta soroste zein prebentzio zerbitzuak hobetzea.

Orain arte, honako hondartza hauek lortu dituzte kalitateari buruzko ISO-9001 eta ingurumenari buruzko ISO-14001 egiaztagiriak: Isuntza, Ogella, Arrietara-Atxabiribil, La Arena, Bakio, Laida, Laga, Karraspio, Plentzia, Arrigorri, Ereaga, Arrigunaga eta Aritzatxu. Gainera, Bakioko hondartzak EMAS Europako ingurumen egiaztagiria ere lortu du.

Aurtengo hondartzen kanpainarako, Ingurumena eta Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezarri da Ereagan eta Arrigunagan, bi hondartza horiek ISO-14001 eta ISO-9001 egiaztagiriak jasotzeko aukera izan dezaten, ingurumenekoa eta kalitateari buruzkoa, hurrenez hurren.