Erreskate garabiek 478 gorabeheratan esku hartu zuten iaz EAEko errepideetan

Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 16:31

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren A-8 autobideko ibilgailuak premiaz erretiratzeko garabi arinen laguntza zerbitzuak 478 gorabeheratan esku hartu zuen 2014. urtean. Horietatik 196 istripuek eragindakoak izan ziren, eta beste 282 matxuren ondoriozkoak.

   Garabiek esku hartu zuten kasu guztietatik 210etan gidariek ezin izan zuten ibilgailua bazterbidera erretiratu. Tankera honetako istripu batek sei kilometro luzeko auto ilarak sortzen ditu batez beste eta, hori dela, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sustatutako zerbitzuak 1.260 kilometroko auto ilarak saihestea lortu du.

   "Zuzendaritzaren helburu nagusietako bat trafikoa kudeatzea da, eta horrelako neurriek zirkulazioa, kasu honetan A-8koa, arintzen laguntzen dute. Gainera, kontuan hartu behar dira errepide horretan izaten dituen ibilgailu kopuru handiko tarteak. Atera kontuak, egunean, batez beste, 68.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide horretan", adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok.

   Zerbitzua 2011n martxan jarri zenetik, 1.919 esku hartze egin dituzte garabiek. Lehen urtean, matxuren ondoriozko esku hartzeak %50 izan ziren; bigarrenean, berriz, gora egin zuen esku hartze kopuruak, %59ra, eta ehuneko hori errepikatu da azken bi urteetan.

   Garabiak, gehienez lau, A-8 errepidean kokatzen dira, 110 (Basauri) eta 139 (Kantabriarekiko muga) kilometro puntuen artean, A-8ren aipatutako tartean zein haren sarbideetan, bi noranzkoetan, istripurik duten automobilak erreskatatzeko. Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin adostuta, aldez aurretik erabakitzen ditu garabien kokalekuak: puntu estrategikoak dira, bi noranzkoetan bide tarte handiak barnean hartzen dituztenak.

   Erreskate garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik esku hartzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua eman behar duen gune zehatzera iristen den arte, batez beste, 13 minutu igarotzen dira.

   Zerbitzuaren ohiko ordutegia 07:30etik 09:30era izaten da goizez, eta 17:30etik 19:00etara arratsaldez, astelehenetik ostiralera; edonola ere, ordutegia malgua da eta istripua izateko estatistikoki aukera handiagoak daudenean aldatu egiten da. Istripua izandako ibilgailuak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren instalazioetara eramaten dituzte, eta, ondoren, ibilgailuaren asistentzia partikularreko garabia joaten da bila.