Ertzaintza GPSdun 'bortxa' telefonoak banatzen hasi da genero indarkeriako biktimen artean

Actualizado: martes, 14 febrero 2012 17:54
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzaren polizia-etxeak GPSa duten 'bortxa' izeneko telefono berriak banatzen hasi dira genero indarkeriaren biktimak diren emakumezkoen artean. Telefono berri hauek, Ertzaintzarekin harremanetan jartzeaz gain, biktimaren kokapena zein den jakiteko balio dute.

   Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak 670 mugikor jarri ditu Ertzaintzaren 25 polizia-etxeen esku, %40 Bizkaian, %32 Gipuzkoan eta %28 Araban. Gaur egun, 482 emakumezkok dute 'bortxa' telefonoa, Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

   Azken bi urteetan, Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak hainbat hobekuntzak jarri ditu biktimen telefonoetan, segurtasuna bermatzeko asmoz. Berrikuntzen artean, mugikorrek 900 840 111 telefonoarekin duten konexioa dago; Ertzaintzarekin harremanetan arin jartzeaz gain, arreta zerbitzua eskaintzen dute egunero, edozein ordutan.

   'Bortxa' telefonoen larrialdi deia botoi bat sakatuz egiten da, iluntasunean ere erraz sakatu ahal dena. Biktimak baieztapen abisu bat jasotzen du eta Ertzaintza lanean hasten da. Biktimaren kokapen zehatza ere jasoko du Ertzaintzak botoi hori sakatzean, mugikorrak duen GPS hargailuari esker.

   Mugikorrak 12 ordu baino lehen jarriko dituzte biktimen esku. Telefonoak konexio zuzena dauka kontrol zentroarekin, komisariarekin, 112 larrialdi-zerbitzuarekin eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko telefonoarekin.

   Herrizaingo Sailak garatutako sistema SOS Laguntzan oinarrituta dago. TECSOS Fundazioak sortu eta banatuko ditu, Vodafone Espainia eta Espainiako Gurutze Gorriaren eskutik. TECSOS Fundazioak SOS aplikazioaren garapena eskaini dio Herrizaingo Sailari, genero indarkeriaren biktimei laguntza handiagoa emateko aplikazio berri horren bitartez.