Ertzaintzak 100.000 alkoholemia eta droga kontrol egin zituen 2014. urtean

Ertzaintzaren kontrola bat
Foto: IREKIA
Actualizado: martes, 3 marzo 2015 11:37
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

Alkoholemioa probetan %3,2k eman zuten emaitza positiboa, eta droga kontroletan %19,2

   BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzak 96.403 alkoholemia proba eta 3.635 droga proba eginarazi zizkien Euskadiko errepideetan zirkulatzen ari ziren gidariei 2014. urtean, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egindako kanpainetan. Alkoholemia proben %3,2tan emaitzak positiboak izan ziren, eta drogen probetan, ordea, emaitza positiboak %19,2 izan ziren.

   Ertzaintzaren Trafiko Zuzendaritzak bultzatutako kanpainez gain, Polizia autonomikoak hiru kontrol mota eginarazi dizkie gidariei. Gehienak ausaz eginarazitako prebentzio kontrolak izan ziren; kopuruari dagokionez, istripuren bat gertatzen denean eginarazten dituen kontrolak dira bigarren ohikoenak; eta azkenik, ertzainek gidariak arau hausteren bat egin duela ikusten duenean eginarazten dituen probak daude. Bi mota horietako probak arrazoi zehatzengatik egiten dira.

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den urtean egindako kontrol motei dagokienez, %90 prebentziozkoak izan ziren, %8 trafiko istripuen ondoren egindakoak, eta %2 arau hausteen ostean egindakoak.

   Alkoholaren presentzia hautemateko 96.403 proba eginarazi zizkien Ertzaintzak Euskadiko errepideetan zebiltzan gidariei, eta horietatik 3.176 pertsonak eman zuten positibo (%3,2). Datuak aztertuz gero, ikus daiteke positiboen ehuneko handiena arau hausteen ondoren egindako kontroletan izan zela (%92,7), trafiko istripuen ostean egindako kontroletan gero (%4,7), eta prebentziozko kontroletan hirugarrenik (%2,3).

   Positibo gehienak arau hausteen ondoko kontroletan izateak badu bere zergatia, alegia, arau hauste bat egin duen gidariak nahitaez egin behar duela alkoholemia proba. Iaz, Ertzaintzak 808 proba eginarazi zituen, 2013an baino 151 gutxiago, eta positibo eman zuten kasuak %93 izan ziren.

   Halaber, Ertzaintzak istripuen osteko 8.118 alkoholemia kontrol egin zituen iaz, eta horietatik %4,7k eman zuten positibo. Portzentaje hori 2013koa baino zertxobait txikiagoa da, orduan 536 kontrol gehiago egin baitziren, %5,7k positibo emanez.

   Alkoholemia tasak neurtzeko prebentziozko kontrolen kasuan, positiboen ehunekoa aurreko bi urteetan erregistratutakoen bertsua izan da 2014an. Zehazki, 77.973 proba egin zituzten, eta horietako %2,3tan izan ziren emaitza positiboak.

   Prebentzio kontrolen %79 gizonei egin zitzaizkien, eta gainerakoak emakumeei. Adinari dagokionez, 35-44 urte bitartekoek eman zuten positibo gehien (%27); bigarren, 25-34 urte bitartekoek (%24); eta, haiengandik oso hurbil, 45-54 urte artekoek (%22).

   Generoa eta adina batuz gero, prebentzio probetan emaitza positibo gehienak 45 eta 54 urte arteko gizonen artean izan ziren. Emakumeen artean, berriz, emaitza positibo gehienak 24 urtetik beherakoek ematen dituzte. Horrelako kontrol gehienak abuztuan egin zituen Ertzaintzak, eta gutxien abenduan. Uda sasoian izan ziren, halaber, positibo gehien prebentziozko kontroletan.

   Istripuen osteko alkoholemia proben kasuan, %76,2 gizonei egin zitzaizkien, eta %23,8 emakumeei. Adinaren arabera, alkohola edan ondoren istripu bat izan zutenen portzentaje handiena 35 eta 44 urte artekoena zen (%28,1), eta ondoren 25 eta 34 urte artekoena (%22,7).

DROGEN KONTROLAK

   Bestalde, 2014an, Ertzaintzak drogen presentzia hautemateko 3.089 proba eginarazi zizkien euskal errepideetan zebiltzan gidariei, eta horietatik 629k eman zuten positibo. Aurreko urtean baino proba gehiago egin zituen iaz Ertzaintzak, zehazki, %34 gehiago. Proba horien %91 prebentziozko kontroletan egin zituen.

   Droga kontroletara meneratutako pertsona gehienak gizonezkoak izan ziren (%88), eta nagusiki, 25-44 urte bitartekoak (%64). Positibo eman zutenek kanabisa edo kokaina hartu zuten gehienbat.

   Proba horietan izandako emaitzek erakusten dutenaren arabera, %20k eman zuen positibo, eta beraz, 2013ko ehunekoa zazpi puntu jaitsi zen. Nolanahi ere, handia izaten jarraitzen du halako substantziak kontsumituta autoa hartzen duten gidarien kopuruak.

   "Kontuan hartzekoa da drogen kontsumoaren ondorioz izandako positiboen ehunekoa, oso handia izan baita. Jaurlaritzak urteak daramatza gidariek alkoholik ez hartzearen aldeko kanpainak sustatzen, eta bide horretan jarraitu beharra daukagu, baina estupefazienteen kontsumoari ere arreta eskainiz. Gidariei ikusarazi behar diegu gidatzeko asmoa izanez gero ezin direla horrelakoak hartzen ibili, egoera kontrolpean izango dutelakoan, arriskutsua delako bai eurentzat, bai errepidean dauden gainerakoentzat", azaldu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok.

KANPAINAK

   Ertzaintzaren eguneroko lanaren osagarri, Trafiko Zuzendaritzak, zaintza eta kontrol kanpainen barruan, alkohola eta drogak detektatzeko lau kanpaina zehatz bultzatu zituen 2014an, data zehatz batzuetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

   Kanpaina horien kariaz, alkoholemiaren eta drogen probak eginarazi zitzaizkien 10.050 pertsonari, eta proben %2,9k eman zuen positibo. Zehazki, 9.504 laguni eginarazi zizkieten alkoholemia probak eta 2.198k (%2,3) eman zuten positibo, eta 546 pertsonari eginarazi zizkieten droga kontrolak eta 69k eman zuten positibo (%12,6).

   Iaz bezala, aurten ere sentikortasun kanpainak bultzatzen jarraitzeko asmoa du Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea saihesteko. Urtarrileko lehen astean alkoholari eta drogei buruzko prebentziozko kanpaina bat egin zuten.

   Kanpaina horren bidez, 219 kontrol gauzatu dituzte EAEko errepideetan. Alkoholemia probak egin dituzten 2.035 pertsonetatik 31k eman zuten positibo (%1,5), eta droga probak egin zituzten 130 pertsonetatik 21ek eman zuten positibo (%16,2). Halaber, beste bost kanpaina egitea aurreikusi dute, batez ere udan eta Gabonetan.

   Legeak baimendutakoak baino alkohol-tasa handiagoarekin edo drogen eraginpean gidatzeagatiko isunak 1.000 eurokoak ere izan daitezke (alkoholemia tasa bikoiztuz gero edo ondorengo urtean berriz araua hausteagatik), eta gidabaimenaren lau eta sei puntu artean galduko ditu.

   Bide segurtasunaren aurkako delitua eginez gero, gainera, hiru eta sei hilabete arteko espetxe zigorrak aplikatzen dira, edo sei eta hamabi hilabete arteko isuna edo gizartearen mesederako 31 eta 90 lanegun artean. Gainera, zigortuak ez du gidatzen baimenik edukiko bat eta lau urte artean.