Ertzaintzak iaz erregistraturiko delituak eta faltak %2,29 jaitsi ziren

Delituak behera  2014an
Foto: IREKIA
Actualizado: lunes, 2 febrero 2015 13:17
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzak 2014 osoan erregistratutako delitu eta faltak %2,29 jaitsi ziren, 2013. urtearen aldean. Beherakada horren ondorioz, delitugintza tasa ere murriztu egin da, eta, 1.000 biztanleko 40,53 delitu/falta izatetik, 39,65 izatera igaro da. Delitugintza motak guztietan gertatu da jaitsiera, eta Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan, hiriburuak eta hiri nagusiak barne.

   Euskadiko delitugintza datuek azken urteetako beheranzko joerari eutsi diote. 2013an delitugintza %2,03 jaitsi zen, eta beherakada bertsua izan zuen 2014an, %2,29 jaitsi zenez. Gainera, delitu mota batzuen azken urteetako hazkundea geraraztea lortu zen azken ekitaldian, etxebizitzetan egindako lapurretak, hain zuzen.

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, delitugintzaren alderdirik larriena denari dagokionez, giza hilketa gauzatua, 13 kasutik hamarrera jaistea lortu zen (%-23,08). Egiaz, jaitsiera are handiagoa da, 2013an gauzatu eta 2014an argitu zen kasu bat azken honetan erregistratu zelako, ondorio estatistikoetarako. 2014an gauzatu gabeko giza hilketen kopuruak ere behera egin zuen, 32rik 31ra (%-3,13).

   Lesioak, oro har, gutxitu egin ziren (%-1,82), bai eta familia barneko tratu txarren ondoriozkoak ere (%-2,77), familia barneko tratu txarren kasuak ugaritu egin ziren arren (%3,33).

   Sexu askatasunaren aurkako delituen kasuan beherakada azpimarragarria gertatu zen (%-4,69); indarkeria bidezko delitugintzaren tipologiak orokorrean duen beherakadari jarraitu dio (lesioak, sexu erasoak, eta indarkeria edo larderia bidezko lapurretak), nabarmen jaitsi baitzen (%-17,02).

   Ondarearen aurkako delituei dagokienez -lau delitutik hiru-, 2014an nabarmen jaitsi zen kopurua (%-5,29), eta 32.319 izatetik 30.610 izatera igaro ziren. Atal horren barruan, nabarmen gutxitu ziren indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretak (%-22,11) eta indarkeriaz egindako lapurretak (%-10,02) eta apalago, berriz, etxebizitzetan egindako lapurretak (%-3,92).

   Alabaina, trastelekutan eta eraikin atxikietan egindako lapurretak ugaritu egin ziren (%16,68). Era berean, gutxitu egin ziren beste leku batzuetan (saltokiak, enpresak eta abar) egindako lapurretak (%-17,00) eta ibilgailuen lapurretak (%-9,00).

   Droga trafikoarekin lotutako delituak, azken urteetan nabarmen gutxitu zirenak, areagotu egin ziren berriro (%16,22); 259 kasu ikertzetik 301 ikertzera igaro ziren. Bestalde, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatze delituen kopuruak azken urteetako joera beherakorrari eutsi zion (%-9,92).

   Azkenik, nabarmen gutxitu ziren ordena publikoaren aurkako delituak (%-12,84), terrorismoarekin zein kale borrokarekin lotura dutenak (%-47,37) -hondar baliora hurbiltzen ari dira-, liskar, borroka eta beste gorabehera mota batzuekin lotura dutenak bezala (%-10,68).

HIRIKO DELITUGINTZA

   Lurraldeka, oro har, jaitsiera handiena Bizkaian gertatu zen (%-3,78), aurreko urtean baino 1.189 delitu/falta gutxiago erregistratu ziren eta. Araban ere behera egin zuen delitu kopuruak (%-3,47), 445 kasu gutxiago erregistratuta. Gipuzkoan bakarrik hazi zen (%1,77), aurreko urtean baino 409 delitu/falta gehiago erregistratu baitziren.

   Azpimarratzekoa da 2014an delitugintza jaitsi egin zela EAEko sei hiri populatuenetan (hiru hiriburuak eta hiru udalerri populatuenak): Gasteizen %12,41, Bilbon %9,52, Donostian %4,72, Barakaldon %6,19, Getxon %16,14 eta Irunen %7,00.

   Ertzaintzak 6.891 pertsona atxilotu zituen 2014an delituren bat egotzita, eta 7.590 aurreko urtean (%-9,21). Beherakada hori delituen murrizketa orokorraren ondorioz gertatu da, bereziki alkoholemia arau hausteak jaitsi direlako, ordena publikoaren aurkako delituak ere murriztu direlako eta inputazioaren lege figuraren erabilera maiztu delako.

   Aurreko urteetan legez, Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, berak hala eskatuta, agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean, Euskadiko delitugintzaren bilakaeraren gaineko 2014ko balantze estatistikoaren xehetasunak emateko.