Ertzaintzak eta Udaltzaingoak segurtasun-plan bateratua jarriko dute abian Erandioko jaietan

Actualizado: lunes, 21 agosto 2017 18:33

DONOSTIA, 21  (EUROPA PRESS)

Erandioko jaietan, abuztuaren 24tik 28ra bitartean, segurtasun-dispositibo bateratua jarriko dute abian Erandioko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gorabeherei aurrea hartu ahal izateko eta herritar guztiek jaiez segurtasunez gozatu ahal izatea bermatzeko.

Bai Ertzaintzak bai Erandioko Udaltzaingoak agente gehiago jarriko dituzte jaietako egun hauetan, eta uniformedun eta kale jantziko patruilak ibiliko dira jai-barrutian nahiz inguruetan, Erandioko metro-geltokia barne dela, delituei eta bestelako gorabeherei aurrea hartzeko.

Egun horietan prebentziozko alkoholemia eta droga kontrolak egingo dira alkoholdun edarien edo drogen eraginpean dauden pertsonek kaleetan edo errepideetan zirkulatzea eragozteko. Bereziki zainduko dira alkohola saltzen duten lokalak, adingabeei alkoholdun edariak saltzea eragozteko.

Jaietan aparteko lana egingo da, bestalde, substantzia estupefazienteen kontsumoaren eta trafikoaren prebentzioan, eta zigorrak ezarriko dira.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jaietan parte hartuko duten guztiei ohartarazi nahi diete kontuz ibiltzeko diru-zorroekin eta bestelako objektuekin, lapurretan aritzen diren delitugileak, "zorro-lapurrak", ugaritu egingo direla eta, jaietan eta, bereziki, kontzertuetan, jende asko ibiliko dela aprobetxatuz.

Era berean, arreta berezia jarriko da sexu-askatasunaren aurkako delituei aurrea hartzeko, eta era horretako delituak gertatzeko arriskurik handieneko eremuak zainduko dira.