Eskenak dokumental bat eta topaketa bat prestatu ditu bere 20. urteurrena ospatzeko

Ramon Bareak zuzenduriko dokumentala aurkeztuko da
Foto: ESKENA
Actualizado: viernes, 30 octubre 2015 13:13

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Eskena Euskadiko Antzerki Ekoizle Profesionalen Elkarteak 20. urteurrena egin du aurten, eta bi jarduera nagusi prestatu ditu. Alde batetik, azaroaren 11ean, Ramon Bareak zuzendutako "Eskena 1995-2015" dokumentala aurkeztuko da jendaurrean, eta bestetik, azaroaren 12an, topaketa bat antolatu du Bilbon alderdi politikoekin.

   Elkarteko arduradunek gogorarazi dutenez, 1995ean Euskadiko antzerki ekoizleen lehenbiziko elkartea sortu zen: Eskena. Egoitza Bilbon duen elkarte honek, gaur egun, 22 konpainia profesional ditu elkartuta: Gipuzkoako bederatzi, Bizkaiko zortzi eta Arabako bost.

   Aurten, 2015ean, elkarteak 20 urte bete ditu, eta denbora hori igaro ondoren, "hasierako gogo berberarekin ospatu nahi du egindako ibilbidea, eta etorkizunera begiratu". Horregatik, antzerki ekoizleen elkarteak, bere 20. urteurrena ospatzeko ekintza nagusi bi antolatu ditu.

   Alde batetik, azaroaren 11ean, Ramon Bareak zuzendutako "Eskena 1995-2015" dokumentala aurkeztuko da. Bertan, Eskenaren sorrera eta bilakaerari gainbegirada emango zaio sektoreko elkarte moduan, eta, horrez gain, 20 urte horietan euskal eszenak egin duen ibilbideaz ere hitz egingo da.

   "Eskenako profesionalen lanari egiten zaion elkarren arteko begirada bat da, 20 urte hauetan sormenaren eta egungo euskal eszenako praktiken gune nagusia izatera heldu baita. Pertsona eta eragile aniztasunari aitorpena ere bada. Iraganeko oroitzapenez galdetzeaz gain, euskal eszenaren etorkizunaz aurrera litekeenaz ere itauntzen da", azaldu dute.

   Halaber, hitzordu berean Eskenaren webgune berria aurkeztuko da, elkartearen jazoerarik aipagarrienak eta Euskadiko antzerkiaren gaurkotasuna bilduko dituen atari digitala izan nahi duen webgunea, hain zuzen ere.

TOPAKETA

   Hurrengo egunean, azaroaren 12an, Eskenak, FAETEDA Antzerki eta Dantza Enpresa Elkarteen Estatuko Federazioarekin batera, antzerki sektorearen eta alderdi politikoen arteko estatu mailako topaketa bat antolatu du Bilbon.

   "Antzerkia gizarte demokratiko baterako" izenburupean, ekoizpen eszenikoaren sektoreak eta estatu, autonomia erkidego, lurralde eta toki erakundeetan ordezkaritza duten alderdi politikoetako kultura arduradunek, Espainiako Estatuan antzerkiak gaur egun duen egoeraren inguruko diagnostikoa egingo dute.

   Estatuan jarduera eszenikoaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren neurri zehatzen dekalogo bat identifikatu eta adosteko lan saioa izango da. Azterketa horren ondoren, alde biek lan egingo dute oinarrizko puntuak zehazteko, eta puntu horien gainean kultur politika kontuetan lan egingo da Espainian arte eszenikoen egoera bideratzeko. Akordio hori oinarrizko agiri batean jasoko da, eta horren inguruan lan egingo da datozen urteotan. Agiri hori topaketa amaitutakoan aurkeztuko da jendaurrean.