Eskola jazarpeneko 121 kasu zenbatu ziren EAEn 2015-2016 ikasturtean

Ertzain bat ikasgelan jazarpenari buruz hitz egiten
IREKIA
Actualizado: jueves, 9 marzo 2017 12:09

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi du 2015-2016 ikasturtean aztertutako eskola jazarpeneko kasuen kopuruan "igoera handia" izan dela, aurreko ikasturteko kopuruak ia bikoiztuz. Kasu horien artean, %25ean egiaztatu ahal izan da jazarpen kasua izan dela. Horrela bada, 2015-2016 ikasturtean Hezkuntza Ikuskaritzak 121 eskola jazarpen kasu zenbatu zituen, eta kopuru horrek ia bikoiztu egin du 2014-2015 ikasturtean jasotako datua.

Uriartek, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Jose Antonio Romero Hezkuntza Ikuskaritzako buruak 2015-2016 ikasturtean eskola jazarpenak Euskadin izan duen bilakaera aurkeztu dute ostegun honetan, Donostian. Uriartek azaldu duenez, "gizartean bilakaera esanguratsua gertatu da, sentsibilizazio handiagoa dago, eta hori ona da".

Hezkuntza sailburuaren aburuz, jazarpen gisa identifikatu diren kasuak ugaritzeak "ez du esan nahi gero eta jazarpen edo ekintza bortitz gehiago gertatzen denik, baizik eta gizarteak, oro har, eta hezkuntza komunitateak, bereziki, jazarpenarekiko tolerantzia maila jaitsi egin duela".

"Orain kasu gehiago gertatzen dela esan nahi ote du horrek? Kasu gehiago identifikatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi ikastetxeetan jazarpenaren hazkundea gertatu denik. Guk ezetz uste dugu. Seguruenik guztiok, Ikuskaritzak, ikastetxeek, familiek eta ikasleek eurek ere, onarpenaren langa mugitu dute. Lehen jazarpentzat hartzen ez zen ekintza, orain halakotzat har daiteke. Orain urte batzuk behar beste garrantzia ematen ez zitzaion horri, orain ematen zaio. Eta horrelaxe behar du", azaldu du.

DBHn gertatu zen kasurik gehien, nahiz eta Lehen Hezkuntzako azken etapako kopurua ere esanguratsua izan. Hain zuzen, gehien gertatu zirenak hitzezko erasoak izan ziren (kasuen %43), eta ondoren, bazterketa soziala (%25), eraso fisikoak (%16), beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak (%11,6) eta bestelako kasu batzuk (%4). Jazarpen edo abusu sexuala edo jazarpen sexista %1 baino gutxiago izan ziren. Kasuen %23an zerikusia izan zuten Internet edo sare sozialek, eta 'ciberbullying' delakoak protagonista izaten jarraitu du jazarpen gisa egiaztatu diren jarreren artean.

Agerraldian azaldu dutenez, egoera hauek guztiak ikastetxeetatik bertatik lantzen dira, irakasleen parte hartzearekin, eta Berritzeguneetako Bizikidetza arduradunen laguntzarekin. "Hauen guztien lana funtsezkoa da eskolako bizikidetza mantentzeko eta sor litezkeen arazoak berbideratzeko", gaineratu dute.

Era berean, "garrantzitsutzat" jo dute Hezkuntza Sailaren Ikuskarien Kidegoak egiten duen lanak azken urteetan izan duen bilakaera. Haiek dira ondoren jazarpenaren inguruan egingo den azterketarako estatistikak osatzen dituztenak. Arazoari jarraipena egiteaz arduratzen dira, eta balizko kasu bat gertatzen denean ikastetxeei laguntza emateaz ere.

Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian aurreratu bezala, Hezkuntza Sailak datozen hilabeteetan Eskola Jazarpenaren aurkako Plan bat aurkeztuko du. Eskola jazarpenaren aurkako ekintzak garatzeko lagungarri gertatuko diren prozedurak jasoko dituen dokumentu hori taxutzen hasia da Hezkuntza Saila.

KOORDINAZIOA

Bestalde, Hezkuntza eta Segurtasun sailen arteko koordinazio lana nabarmendu dute agerraldian. Duela hiru ikasturtetik hona, bi sailotako arduradunek elkarlanean dihardute, hezkuntza komunitatearentzako interesgarri den hainbat gairen inguruko informazioa, orientazioa eta aholkularitza helarazteko zereginean.

Elkarlan horren ondorioz, 2015-2016 ikasturtean, Ertzaintzaren adituek dibulgaziozko 595 jarduera burutu zituzten ikastetxeetan, eta
jarduera horietan 26.675 ikaslek parte hartu zuten, aurreko ikasturtean baino 9.000 ikasle gehiagok. Ikasle gehien batu zuen jarduera Interneteko arriskuei buruzkoa izan zen, 13.700 ikasleren parte hartzearekin. Ondoren, bullying-ari saioak izan ziren, eta 5.300 ikaslek jaso zuten arazo honen inguruko formazioa eta informazioa.

Bestalde, gogoratu dute duela zazpi urte ingurutik haurrei eta nerabeei arreta emateko telefonoa existitzen dela: Zeuk Esan telefonoa (116111). Azken datuen arabera, gero eta gehiago erabiltzen da. Psikologo talde batek beharra duten gazte eta gaztetxoei entzun eta laguntza ematen dio, beste bideren batetik, agian, ez bailirateke ausartuko zuzenean euren arazoa kontatzen.