Eskola-kiroleko jarduerak antolatu eta kudeatzeko oinarrizko ildoak ezarri ditu Bizkaiko Aldundiak

"Eskolako Kirol Proiektua" liburua
Bizkaiko Foru Aldundia
Actualizado: viernes, 27 enero 2012 13:58

BILBO, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak "Eskolako Kirol Proiektua" liburua argitaratu du. Lan zehatza da, eta Bizkaiko Eskola Kirola programan dauden erakunde guztietan eta lurraldeko gainerako kirol eragileen artean (federazioak, udaletxeak, ikastetxeak eta abar) banatu da. Kirolen Zuzendaritza Nagusiak 2002. urtean prestatu zuen tresna hori, hezkuntzako kirol jarduera osasuntsua eta Bizkaiko eskola-umeei egokitutakoa sustatzeko. Gaur egun, proiektua finkatuta dago, eta eredugarria da beste erakunde batzuentzat.

Foru erakundeko iturriek adierazi dutenez, azken hamarkadan kirol arloan gertatu diren aldaketei erantzuteko, Kirolen eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusiak agiri hura eguneratu du, hainbat formatutan eskainiz: liburua, agiri digitala (doako deskarga www.bizkaia.net/kirolak webgunean) eta laster e-book formatua.

Liburuan, eskola-umeei zuzendutako edozein kirol proiektuk bete beharreko gutxieneko betekizunak jasotzen dira. Agiri horri esker, kirol erakunde bakoitzak bere proiektua prestatu ahal izango du, betiere bere ezaugarrien arabera eta lana garatuko duen testuingurua kontuan hartuta.

Lana osatzen duten lau zatietan zehar, eskola garaian kirola egiteko proiektuak garatzeko gizartean dagoen beharra azaltzen da, eskola-kirolari buruzko gaur egungo araudia xehatuta agertzen da eta edozein kirol proiekturen ezaugarriak zein diren zehazten da.

Liburu honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak erakundeen antolaketa eta kudeaketa erraztu nahi ditu -betiere inguruarekiko koherentzia gordez-, Bizkaiko eskola-umeentzako kirol jardueren kopurua eta kalitatea handitzeko. Laburbilduz, Kirolen eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusiak tresna erabilgarria diseinatu du Bizkaiko umeen kirol hezkuntzan lan egiten duten profesionalentzat.