Eskola-umeak izango dira Mugikortasun Aste Europarraren bosgarren jardunaldiko protagonistak Bilbon

Actualizado: lunes, 19 septiembre 2011 16:05

BILBO, 19 Sep. (EUROPA PRESS) -

Aurten Bilboko Udaleko Garraio eta Zirkulazio Sailak haurren jakin-mina sortu nahi du mugikortasunaren inguruan, eta horregatik, bihar, irailaren 20an, Bilboko eskola guztietako Lehenengo Hezkuntzako ikasleak gonbidatuta daude idazlan edo marrazki bat egitera mugikortasunaren gainean, Mugikortasunaren Aste Europarraren bosgarren jardunaldian.

Neska-mutilek Bilboko beren ibilaldi gogokoenari buruz idatzi edo marraztu dezakete, bai eta gogoko duten hiriko gauza eta leku guztiei buruz ere, Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

Ekitaldian beren kabuz parte hartu nahi duten neska-mutilen idazlan eta marrazkiak ere onartuko dira. Parte-hartzaile guztiak bizikleta baten zozketan sartuko dira; zozketa "Bilbo nire kotxe barik" egunean izango da, irailaren 22an, eta antolakuntzak eramango ditu ikasle eta irakasle taldeak Lutxana kalera. Hemen haurrek beraiek zintzilikatuko dituzte egindako lanak, horretarako prest egongo den horman.

Bestalde, Juan Luis Moraguesek hitzaldi bat eskainiko du bihar eguerdiko 12:00etan Merkataritza Ganberan. Moragues ACLIMA Euskadiko Ingurumeneko Industrien Klusterreko presidentea da, eta mugikortasunaren eskaera modu eraginkorrean nola kudeatzeaz arituko da. Helburu hori erdiesteko, besteak beste, garraio eta logistika eraginkorra, oinez eta bizikletaz mugitzen bultzatzea eta mugikortasun zentroak proposatzen ditu. Aurten ere Bilbao Metropoli 30 Mugikortasun Astearen hitzaldien laguntzailea da.

Halaber, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara, Biziz Bizi elkartearen laguntzarekin, "Trafiko bitartean bizikleta garraiatzen" kurtsoa burutuko da Itsas Museoko zabalgunean. Parte-hartzaileek 18 urte baino gehiago izan beharko dute eta kasko eta txalekoa ekarri. Izena emateko 010 eta 944 010 010 telefonoetara deitu behar da.

Irailaren 16tik 22ra bitartean ospatzen da Mugikortasun Aste Europarra. Aurten ere Bilbok bat egin du ekimen honekin eta mugikortasunaren gainean hainbat ekitaldi jarri du martxan, guztiak doakoak. Parte hartzeko 94 405 41 82 telefonora deitu edo www.bilbaosinmicoche.net eta www.bilbaonirekotxebarik.net bisitatu behar da.