Eskola-umeek emigrazioaz eta bizikidetzaren aniztasunaz gogoeta egiteko "Zineskola" antolatu du Bilboko Udalak

Actualizado: viernes, 28 enero 2011 13:55

BILBO, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko 11 ikastetxetako DBHko 1., 2. eta 3. mailetako ikasleek "Zineskola" aniztasunean elkarrekin bizitzeko baloreei buruzko hezkuntza-programan parte hartuko dute otsailaren 1ean, 2an eta 3an. Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritartasun Sailak garatutako programa bat da, Irudi Biziak erakundearekin lankidetzan. Zinema euskarri ludiko bezala erabiliz, ikasleen erreakzioak, emozioak eta hausnarketak pizteko antolatu da, emigrazioa, aniztasuna eta bizikidetzaren kudeaketa bezalako gaurkotasun handiko gaietan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, nerabeak beren bizimoduaren aurrean jarri nahi ditu programak. Horretarako, hausnarketa kritikoa era eraikitzailea erabiltzen du, bizitzan bertan agertzen zaizkien egoerei aurre egiteko trebeziak garatzen lagunduz, gizarte-ingurunearen presioari eusteko mekanismoak piztuz eta beraiei irtenbide sortzaileak ekarriz. Programarekin batera, material didaktikoa dago, ikasgeletan lantzeko bereziki sortutakoa.

Horretarako, otsailaren 1ean eta 2an bina saio egingo dira, 9:00etatik 11:00ak arte, AlhondigaBilbaoko Golem zinema-aretoetan, beren beregi programan parte hartzen duten ikastetxeetako 693 ikasleri zuzenduta: Askabide Ikastetxea; Begoñako Andra Mari Ikastetxea; Karmengo Andra Mari Ikastetxea; Solokoetxe BHI; Mariaren Aurkezpena Ikastetxea; Berriotxoa Ikastetxea; Abe Maria Ikastetxea; Ibaigane Ikastetxea; Kirikiño Ikastola; San Ignazioko BHI eta Txurdinaga Behekoa BHI.

Hala ere, ikasleak ez dira ekimenaren hartzaile bakarrak izango, programa didaktikoak parte hartzen duten ikasleen gurasoei bereziki zuzendutako atala baitauka. Hala, otsailaren 3an, 18:30etan hasita, Indautxuko Karmen aretoan ikasleek ikusitako film honen proiekzioa egingo da, filmak proposatutako jokabideak ezagutu eta hauei buruzko gogoeta egin ahal izateko.

Balioetan hezteko jardueren garapena eta eskola alorreko sentsibilizazioa lehentasunezko lan ildoetariko bat da BI-OPEN Aniztasuna Kudeatzeko Udal Planean, 2011-2013rako. Horren helburua, Bilbon kultur arteko elkarbizitza sustatzea da.

Bilboko ikasleek alor sozial eta afektiboan duten jokabideari buruz gogoeta egin dezaten aukeratutako filma arrakasta handiko "Amerrika" (2009) da, Cherien Dabis palestinar-amerikar egilearena.

Pelikulak Muna izeneko Zisjordaniako emakumearen bizitza erakusten du. Bere dibortzioaren ondoren, AEBetan lan eta egonaldi baimena lortzen du. Bere seme nerabearekin batera, ahizparen etxera doa bizitzera. Bertan, familia berriari egokitzeaz batera, kultur berria eta Irakeko gerraren ostean sortutako aurreiritziei aurre egin beharko die. Film honetan etorkinek ohitura aldaketen aurrean edo identitate propioaren aldeko borrokan aurkitutako aurreiritziak islatzen dira.