Eskozia eta Euskadi, osasun eta arreta soziosanitarioko politiketan elkarlanean

Actualizado: miércoles, 9 septiembre 2015 14:38

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Eskoziako gobernuek osasunaren eta arreta soziosanitarioaren arloko lankidetza, elkarlan eta ezagutzaren elkartrukean aurrera egiteko memoranduma sinatu dute asteazken honetan, Edinburgon, Eskoziako Parlamentuan.

   Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak eta Osasuneko sailburu Jon Darpónek sinatu dute Jaurlaritzaren aldetik, eta Osasun, Ongizate eta Kiroleko ministro Shona Robinsonek Eskoziako Gobernuari dagokionez. Politika soziosanitarioetako esperientzien elkartrukean bi gobernuok izan duten "elkarlan estua" sendotu da sinaduraren bidez, Jaurlaritzak nabarmendu duenez.

   Bi herrialdeok bizi duten osasun eta gizarte errealitatea antzekoa da eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Eskoziako Gobernuak "irtenbide globalak bilatzeko interesa dute gero eta zaharragoak diren eta gero eta arreta eskari handiagoa egiten duten biztanleen beharrei aurre egiteko".

   "Bi gobernuok bilatzen dugun kudeaketa ereduak sistemaren eraginkortasuna ahalbidetu behar du, era horretan osasun eta gizarte zainketen jarraitutasuna bermatu ahal izateko. Helburua lortzeko, ikerketa eta berrikuntza dira osasuneko emaitzak hobetzeko eta gizarte zerbitzuak, sistemen jasangarritasuna bermatzeko eta ingurune geografikoaren garapen sozioekonomikoari laguntzeko gakoak", azaldu du.

   Toñaren arabera, lankidetza arlo soziosanitarioan "aspalditik egin dugun lan gogorrari buruzko ezagutzak trukatzeko aukera izango da". "Halako nazioarteko lankidetza aukerek erabilitako metodoak eta teknologiak alderatzea eta sinergia sortzea ahalbidetzen dute", gaineratu du.

   Darpónen aburuz, "konpromiso horrek erakusten du gure osasun sistema eraldatu dela gero eta adin handiagoko eta gaixotasun kroniko gehiagoko utsuaren eredua bilatzea eta osasunaren eta gizarte arretaren ikuspegitik arreta globala ematea dira legegintzaldi honetan zehar landu ditugun ardatzak, eta memorandum hau sinatzea, zalantzarik gabe, aurrerapauso garrantzitsua da".

   Ildo horretan, Toñak nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Zahartze Aktiborako Euskadiko Estrategia aurkeztuko duela datorren astean. Hainbat eragilek hartu dute parte estrategiaren sorreran, eta 55 urtetik gorako pertsonek Euskadin dituzten bizi baldintzei buruzko azterlana hartu dute oinarri.

   Edinburgon sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren printzipioek, batetik, konplexutasun eta zahartze arazoak modu jasangarrian konpondu ahal dituen gizarte eta osasun laguntzaren prestazio eredu berri bat dute oinarri, baita Euskadin eta Eskozian bizi diren pertsona guztiek sistema horretara jotzeko aukera unibertsal eta bidezkoa bermatu beharra ere. Halaber, erakunde publikoen eta pribatuen arteko, erakunde publiko eta eskualdeetako ezberdinen arteko eta herritarrekiko elkarlana hobetzea "funtsezkotzat" jotzen da.

ARLOAK

   Memoranduma sinatuta, Euskadik eta Eskoziak elkarrekin lan egingo dute bien interesekoak arloetan. Horrela, Informazio eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) oinarrituta, osasuneko eta gizarte laguntzako zerbitzuen prestazioa eta berrikuntza pertsonen mesedetan lan egingo dute, baita irtenbide sanitario digital edo konektatuaren garapenean ere, pazienteen eta, oro har, herritarren osasuna, arreta eta ongizatea hobetzeko.

   Osasun digitalean eta goraka ari diren bestelako sektoreetan oinarritutako estrategia adimendunak garatuko dituzte, eta ikerketa eta berrikuntzan ere elkarlanean arituko dira, bai zahartze aktiboarekin eta bizimodu osasungarriarekin lotutako arloetan, bai big data eta medikuntza estratifikatuaren arloetan.

   Aurrerantzean, bi gobernuak ordezkatuko dituzten lantaldeak finkatuko dira. Lantalde horiek jarduketa plan bat jorratuko dute, eta horren barruan lehentasunak zehaztuko dituzte, proiektuak ebaluatu eta ezagutza trukea bermatuko dute.

   Europar Batasunak Eskozia eta Euskadi Reference Site (Erreferentziako Gune) izendatu ditu Europako hainbat esparrutan zein Zahartze Aktibo eta Osasuntsuko Berrikuntzarako Europako Elkartearen barruan elkarrekin egiten ari diren ikerketa eta berrikuntza proiektuen garapenagatik.