Eskualdeen Munduko Foroa egingo da datorren astean, Gasteizen

Publicado: jueves, 23 noviembre 2017 18:20

GASTEIZ, 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eskualde Batuen Erakundearen urteko bilkuraren barruan egingo den Eskualdeen Munduko Foroa egingo da datorren astean, Gasteizen. Saioak astelehenean eta asteartean izango dira, azaroaren 27an eta 28an, Europa jauregian, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria arduratuko da mundu mailako topaketa inauguratzeaz. Estatu ez diren Europa, Asia, Afrika eta Amerikako gobernuetako ehun ordezkari baino gehiago bilduko dira Arabako hiriburuan, eskualdeetako elkarteekin batera.

Gainera, Eskualde Batuen Erakundearen hamargarren urteurrena ospatzeko balioko du bilkura. Erakundearen helburuen artean daude estatu ez diren eskualdeetako gobernuen ahotsa nazioarteko esparruan entzunaraztea eta garapen orekatuko eta lurralde kohesioko politika global bat bultzatzea.

Urteurrena baliatuz, erakundeak hamar urteotan egindako lana aztertuko du, Marseillako Sorrera Adierazpenean jaso ziren helburuak berretsiko ditu eta etorkizunari begira ekintza ardatz berriak analizatuko ditu. Eztabaidetatik sortuko diren azken ondorioak erakundearen estrategiaren oinarria izango dira datozen urteetarako.

Bilkuraren azken ekitaldian, asteartean, azaroaren 28an, azken adierazpen bat irakurriko da eta diplomak banatuko zaizkie Eskualdeko Jardunbide Egokien II. Lehiaketan saria lortu duten eskualdeei. Ildo honetan, Euskal Autonomia Erkidegoak bost sarietatik hiru lortu ditu.