Espainiako Vueltako bi etapa Bilbon amaitu eta hasiko dira irailaren 1ean eta 2an

Actualizado: viernes, 29 julio 2016 14:32

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Espainiako Vuelta Bilbon izango da berriro, irailaren 1ean eta 2an, azken aldiz hiritik igaro zela bost urte igaro direnean. Zehazki, Vueltako 12. etapa Bilbon amaituko da irailaren 1ean, eta 13. etapa Bilbotik irtengo da irailaren 2an.

Hori dela eta, Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Saila, Segurtasun Saila, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saila eta Ekonomi Garapeneko Saila lanean aritu dira azken hilabeteetan baterako operatibo bat prestatzeko, txirrindularitza probak dakartzan erronkei erantzun egokia emateko.

Vuelta Barakaldotik helduko da Bilbora, eta Zorrotzatik sartuko da, irailaren 1ean, 16:00etan. Hiriko barruti guztietatik pasatuko da, Ibaiondotik (5. barrutia) eta Errekaldetik (7. barrutia) izan ezik. Elorritxuetara (Vivero) birritan igoko dira eta etaparen amaiera Kale Nagusian izango da, Casilda Iturrizar parkearen parean. Arratsaldeko 15:00etan itxi egingo dira zirkulaziorako eraginpeko kaleak, lasterketa amaitu arte.

Irailaren 2an, 13. etapa 12:30 aldera irtengo da Bilbotik. Udaletxetik Abandoibarra alderantz egin eta Kale Nagusitik eta Salbeko zubitik igaro ondoren, Ibarsusi alderantz irtengo dira txirrindulariak Bilbo atzean utzita.

ZIRKULAZIOA

Espainiako Vuelta Bilbon den bitartean, zirkulazioaren kontrolaren eta zaintzaren ardura Bilboko Udaltzaingoarena izango da. Halere, elkarlanean arituko da Ertzaintzarekin eta segurtasun arloko lanerako errefortzuak jarriko ditu, Larrialdien Koordinazio Zentroaren bidez.

Bilboko Udala operatiboaren azken xehetasunak prestatzen ari da, txirrindularitza lasterketaren eragina ahalik txikiena izateko. Ibilbide alternatiboak prestatuko ditu udalak kale nagusietan eta Bilbobus zerbitzuaren lineatan.

Bilboko sarrera-irteeretan zirkulazioa bideratzeko seinaleak jarriko dira. Hirira sartzeko oso garrantzitsua izango da autobidetik Juan de Garay kalera jotzea; Egirleta (Santo Domingo) gaina itxita egongo da ibilgailuen zirkulaziorako, bai sarreran, bai irteeran, eta Ibarsusiko biribilgunea ere probaren eraginpekoa izango da.

Bilbon txirrindularitza proba egingo den egun bietan eraginpeko kaleak itxita egongo dira ibilgailuen zirkulaziorako. Herritarrei aldez aurretik jakinaraziko zaizkie aldaketak, eraginpeko atarietan oharrak eta irrati eta egunkariren batean zirkulazioaren aldaketen iragarkiak jarriz.