Esperimentu zientifikoak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira AlhondigaBilbaon, Kimikaren Nazioarteko Urtea ospatzeko

"Zientzia Live!" tailerra
ALHONDIGABILBAO.COM
Actualizado: viernes, 4 febrero 2011 13:32

BILBO, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbaok eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak bat egin dute 2011n ospatzen ari den Kimikaren Nazioarteko Urtearen inguruan. Horretarako, otsailean eta martxoan, aisialdi, kultura eta jarduera fisikorako zentro bilbotarrak jende guztiarentzat pentsaturiko eta diseinatutako zientziari buruzko hainbat tailer, hitzaldi, esperimentu zientifiko eta saio hartuko ditu zuzenean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatu zuen 2011. Modu horretan, kontzientziazioa piztu nahi da, jendeak jakin dezan zientzia honek nolako ekarpenak egin dizkion gizateriaren ongizateari.

2011. urtea bat dator kimikari egindako ekarpenengatik Marie Curieri emandako Nobel Sariaren eta Sozietate Kimikoen Nazioarteko Erakundearen sorreraren urteurrenarekin. Kimikak duen garrantzia azpimarratzen du oroitzapenak, hain zuzen ere, elikadura, ura, osasuna, energia edo garraioa bezalako mundu mailako arazoak ebazteko duen garrantzia.

Horregatik, bada, AlhondigaBilbaok herritarren artean zientzia zabaltzen lagundu nahi du, eta horretarako, EHUko lankidetza azpimarragarria dauka; laguntza garrantzitsua da unibertsitatearena, kalitatezko egitarau baten bitartez, ahalik eta pertsona kopuru handienera iristeko.

Egitaraua otsailaren 10ean inauguratuko da, arratsaldeko 18:30etan. Bertan, Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate sailburu Isabel Celaa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariaztondo eta EHUko errektore Iñaki Goirizelaia egongo dira. Jaime Lissavetzky Espainiako Kiroletako estatu idazkari eta Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Zientzia doktoreak inauguratuko du hitzaldien zikloa, kimika eta kirolari buruz berba eginez.

Halaber, ondorengo egunetan hizlari gisa ariko dira Bernardo Herradon CSIC Ikerketa Zientifikoen Batzorde Nagusiko Kimika Organiko Orokorreko Institutuko zuzendaria (17an), Carmen Najera Alacanteko Unibertsitateko Kimika Organikoko katedraduna (24an) eta Claudi Mans Bartzelonako Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko irakaslea (martxoaren 3an). Hitzaldietarako sarrera bi eurokoa izango da.

TAILERRAK

Bestalde, AlhondigaBilbaok tailerrak ere antolatuko ditu adin guztietako jendearentzat, praktikaren bitartez, kimikara hurbiltzeko aukera zabaldu eta eskaintzeko.

Horrela, "Kimika Bizirik" tailerra otsailaren 7tik martxoaren 17ra egingo da. DBHko eta Batxilergoko ikasleek zientziarekiko eta, bereziki, kimikarekiko duten interesa sustatzea da proiektu honen helburu nagusia. Ikasle parte-hartzaileek zenbait esperimentu egingo dituzte, eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleek egingo dituzten demostrazioetan parte hartuko dute.

"Handitzen naizenean... zientzialaria izan nahi dut" tailerra

otsailaren 12, 18, 19, 25 eta 26an eta martxoaren 5ean burutuko da, 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat. EHUko zientzialarien eskutik, txikienek kimika ikasiko dute esperimentu erraz eta aplikazio erakargarrien bitartez. Egunero erreakzio kimikoak aztertzeko erabiltzen diren produktu, material eta substantziak erabiliko dituzte modu erraz eta dibertigarrian.

"Zientzia LIVE!" tailerra otsailaren 19an eta 26an izango da, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta. AlhondigaBilbaoren eta Elhuyar Fundazioaren ekimena da, eta bertan, hainbat esperimentu zientifiko egingo dira zuzenean, gas eta presioekin, materialekin, nitrogeno eta tenperatura baxuekin, besteak beste. Zientzia gazteei hurbilaraztea da helburua, erakargarri eta ulergarri izan dakien, eta zuzeneko saioen bitartez euren interesa areagotzeko, fenomeno zientifiko harrigarriekin.

Azkenik, "Roleplaying" martxoaren 12an egingo da. Ekimen honen bitartez, AlhondigaBilbaok eta Elhuyar Fundazioak rol joko bat eskaini nahi dute. Bertan, informazioa lortu, jolastu eta ikerlarien, politikarien zein erabiltzaileen azalean jarri ahal izango dira parte-hartzaileak, beren taldeekin batera gaurkotasunezko gai zientifikoren bati konponbidea aurkitzeko.