Espetxeratu bat Sestaon ustezko sexu-eraso bat egin izanagatik atxilotu ostean

Actualizado: lunes, 8 agosto 2011 20:26

BILBO, 8 Ago. (EUROPA PRESS) -

Joan den asteburuan agintaritza judizialaren esku jarri zuten 33 urteko gizonezkoa espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak. Sestaoko ertzain-etxeko agenteek ostiralean atzeman zuten, herriko etxebizitza batean emakume bati sexu-erasoa egin ziolakoan.

Ustezko egileak biktimari ahoa estali zion eta gorbata batzuk erabiliz ohera lotu zuen, ostean sexu-erasoa egiteko. Pisukide bat etxera iritsi izanari esker, ihes egiteko aukera izan zuen. Atxilotuak bigarren emakumea ere ohera lotu zuen aurrekoarekin egin zuen modu berean.

Joan den ostiralean, eguerdi aldera, gertatu zen guztia hainbat lagun bizi diren Sestaoko erdialdeko pisu batean. Ertzaintzak jasotako salaketaren arabera, biktima etxeko sukaldean zegoen gizonezko bat hurreratu zitzaionean; biktimak berarekin amodio harreman bat zuen. Hala ere, gizonezkoak, indarra erabiliz eta labana batekin mehatxatuz, logeletako batera eraman zuen.

Berehala, gorbata batzuekin ahoa estali eta eskuak bizkarretik ohera lotu zizkion mugitu ez zedin. Sexu-erasoa egin ostean, heriotza mehatxu bat egin eta beste bi gorbatarekin hankak ere lotu zizkion.

Orduan, pisukide bat etxera iritsi zen eta ustezko egileak berari ere eraso zion: lepotik heldu eta labanarekin mehatxatuz, beste logela batean sartu zuen eta gorbata gehiagorekin ohera lotu zuen. Egoera hori aprobetxatu zuen sexu-erasoaren biktimak, askatu, etxetik atera eta laguntza eskatzeko. Erasotzailea segika joan zitzaion baina ez zuen harrapatu. Hortaz, eta auzokideak emakumea sorosten eta Ertzaintzari deitzen ari zirela ikusita, handik ihes egin zuen.

Minutu batzuk geroago, biktima osasun zentro batera eraman zuten artatu zezaten. Bitartean, Sestaoko ertzain-etxeko agenteak ustezko egilearen bila hasi ziren. Horrela, bere datuekin bat zetorren gizonezko bat (33 urte) aurkitu zuten herriko Hiru Kontzejuen plazan eta atxilotu egin zuten sexu-eraso delitu bat egotzita. Beharrezko izapideak burutu ostean, Ertzaintzak, atxilotua agintaritza judizialaren esku jarri zuen asteburuan zehar eta epaileak bera espetxeratzeko erabakia hartu zuen.