Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute

Actualizado: jueves, 30 junio 2011 14:05

BILBO, 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

Esther M. Rebato, Zientzia eta Teknologia Fakultateko (UPV/EHU) Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea, Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko (SEAF) presidente hautatu dute ekainean Bartzelonan egindako XIX. Batzar Nagusian.

Horrez gain, Zientzia eta Teknologia Fakultateko sail bereko irakasle Santos Alonso SEAFeko idazkari bezala jarduteko aukeratu dute, Esther M. Rebatoren ordez. Beraz, datozen lau urteetan, zuzendaritza UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen esku egongo da, aipatu sailaren esku hain zuzen ere, eta, beraz, horiek arduratuko dira arlo horretan ikerketa sustatzeaz eta ezagutza zabaltzeaz. Azkenik, Elkarteko diruzain lana Alcaláko Unibertsitateari egokitu zaio.

SEAFek ekainaren 3an Bartzelonan egindako Batzar Nagusian, Bilbo (UPV/EHU) aukeratu zen SEAFen XVIII. Biltzarraren kokaleku izateko. Biltzarra 2013an egingo da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Antropologia Fisikoa arloko irakasleek antolatuko dute.

Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkartea (SEAF) irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Horren baitan, askotariko ibilbide profesionaletako zientzialariek Antropologia Fisikoaren arloan egiten dute lan. Elkartearen helburua Biologiaren arlo honetako ikerketa sustatzea eta ezagutza zabaltzea da.

Antropologia Fisikoa giza bilakaeraren historia eta iraganeko nahiz orainaldiko gure aldakortasun biologikoaren norainokoa ulertzen ahalegintzen da, eta aldakortasun hori eragin eta moldatu duten mekanismoak azaltzen ditu.

Orobat, informazio hori osasunarekin, gaixotasunarekin eta egungo nahiz iraganeko populazioengan hainbesteko eragina izan duten faktore soziokulturalekin uztartzen saiatzen da. Esther M. Rebatoren hitzetan, "Gaur egun, zientzia batzuek, askotan, helburu espezializatu eta mugatuegiak dituzte, eta ahaztu egiten dute Gizateriaren Historia espazioan eta denboran fenomeno konplexu bat dela.

Gure diziplinak une erabakigarria bizi du gure espeziearen jatorriaz ditugun ideiak birformulatzeko, eta trantsizio kultural eta teknologiko betean dauden giza populazioen moldagarritasunari eta biziraupenari buruzko jakintza zabaltzeko".

2011n 35 urte bete dira SEAF sortu zenetik, 1976an. Elkarteak bere adierazpen organoa du, hots, Revista España de Antropología Física (REAF), eta, horren babespean, bi urtez behingo biltzarrak antolatzen ditu, nola nazionalak hala nazioartekoak, ikerketa bioantropologikoen aurrerapenak eta emaitzak eztabaidatzeko.

Zuzendaritzako batzordea lau urtez behin hautatzen dute SEAFeko kideek, bozketa bidez. Egungo batzordea, hamargarrena, XIX. Batzar Nagusian hautatu zen, SEAFek ekainaren 2tik 4ra Bartzelonako Unibertsitatean egin zuen XVII. Biltzarraren esparruan.

IKERKETA IBILBIDEA

Esther M. Rebatoren ikerketa ildo nagusiak elikaduraren antropologia, auxologia (giza hazkundea eta garapena) eta giza ekologia dira. Egun garatzen ari den lanen artean "Obesidad en familias de etnia gitana del Gran Bilbao. Aspectos sociales y de género" proiektua dago. Horren haritik, ijito etniako familietan gizentasun fenotipoen zenbait faktore genetiko eta ingurumeneko aztertuko ditu gutxienez hiru urtez. Ikerlan epidemiologikoen esparruan, ikerkuntza lan sakona egin du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren bi sexuetako "unibertsitateko ikasleen elikadura egoerari eta gorputz irudiaren pertzepzioari" buruz.

Esther Rebatok Ale Hrdlicka domina akademiko entzutetsua jaso du, Txekiar Errepublikako Antropologia Elkarteak eta Estatu Batuetan jardun zuen zientzialari horren jaioterri Humpolec hiriak egindako proposamenari jarraiki.

Domina Antropologia Fisikoaren arloko eta esparru zientifiko, kultural eta sozialeko pertsona gailenei ematen zaie. Esther Rebato doktoreari Txekiar Errepublikako hainbat elkarte eta erakundek hala proposatuta eman zaio domina.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslearen kasuan, "ikasle txekiarren prestakuntzan laguntzeagatik, irakasle eta ikasleekin truke hitzarmenak ezartzeagatik eta Pragako Charles Unibertsitatearekin arlo zientifikoan elkarlanean aritzeagatik" eman zaio saria.

Santos Alonsok giza populazioen genetika ikertu du nagusiki, eta, egun, giza ezaugarri morfologikoen oinarri genetikoak aztertzearekin erlazionatutako zenbait proiektu zuzendu eta horietan parte hartzen du.