Etorkinen lan errentengatiko ekarpenak ia 200 milioi gehitu ziren EAEn 2008tik 2012ra

Actualizado: miércoles, 21 octubre 2015 13:28

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako "Euskadiko immigrazioaren eragin ekonomikoa eta demografikoa" azterlanaren arabera, etorkinek lan errentengatik egindako ekarpenak 443 milioi eurotik 631 milioi eurora igo ziren 2008tik 2012ra, batez ere Gizarte Segurantzako eta PFEZeko kotizazioen hazkundeagatik.

Immigrazioaren Euskal Behatokiko arduradunek Bilbon aurkeztu dute azterlana asteazken honetan, eta, "beste behin ere, gutxi gorabehera zabalduta dagoen iritzia" ezeztatu egin dela nabarmendu dute, hau da, "etorkinek Euskadin dauden baliabide sozialen zati handia hartzen dutela".

Horrela, krisiaren aurretik (2008) eta atzeraldian bertan (2012) immigrazioak izandako eragin ekonomikoa zenbatetsi du Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetzan diharduten Ikuspegi behatokiaren lanak.

"Bi kasuetan estatistikak ezeztatu egin du immigrazioak hazkunde ekonomikoari ekarpen negatiboa egiten diola diotenen iritzia, azterlanak barne hartutako aldian positiboak izan baitira beti kolektibo horren saldoak. Lau urtean lan errentengatiko ekarpenak ia 200 milioi euro handiagoak izan dira -443 milioitik 631 milioira-, batez ere Gizarte Segurantzako eta PFEZeko kotizazioen hazkundeagatik", azaldu dute.

Ikuspegik egindako ikerketaren arabera, etorkinek zerbitzuetan egindako 'per capita' gastua bertokoek egiten dutena baino txikiagoa da. Hala, gastu hori 3.906 eurokoa zen atzerritar bakoitzeko 2012an, eta 3.947 eurokoa EAEko biztanle guztiak kontuan hartuta; izan ere, gastu handia dago atzerritarrek presentzia oso txikia duten sail jakin batzuetan, esaterako, osasun sisteman, mendekotasunerako prestazioetan edota hezkuntzan.

KRISIA "BEREZIKI GOGORRA"

Euskadiko lan merkatuan etorkinek okupazio maila handia badute ere, "bereziki gogorra" izan da krisialdi ekonomikoa kolektibo horrekin. Hori dela eta, azterlan eta estatistika ofizial guztiek berretsi dutenez, "prestazio ekonomikoen eta gizarte zerbitzuen bidez jasotzen dituzten zenbatekoek gora egin dute, baina, edozelan ere, etorkinek egindako ekarpena handiagoa da kasu guztietan jasotzen dutena baino".

Azterlanak, azkenik, atzerritarrek euskal demografian izandako eragin argia nabarmentzen du, besteak beste, horri esker biztanle kopurua ez baita murriztu azken urteetan. Halaber, jaiotza tasan, mendekotasun tasan edo zahartze tasan atzerritarrak iristeak "hobekuntza argia" ekarri duela ere azpimarratzen du azterlanak.

Asteazken honetan aurkeztutako datuak datorren astean eztabaidatuko dituzte Ikuspegi eta Biltzen erakundeek batera antolatu duten "Immigrazioa eta Integrazioa EAEn" bosgarren jardunaldien barruan; horietan arlo horretako aditu handiek parte hartzea aurreikusita dago.