Etorkizuneko erronkak azalduko ditu Bilbok Suzhoun (Txina), Alkateen Munduko Foroan

Bilbo, iluntzean
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 17 mayo 2017 14:19

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Txinako Suzhou hirian asteazken honetatik larunbatera egingo den Alkateen Munduko Foroan parte hartuko du, Hirien Munduko Goi Bileraren (World Cities Summit) baitan, eta etorkizunera begira dituen erronkak azalduko ditu. Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak Juan Mari Aburto alkatea ordezkatuko du.

Hiriak izan duen eraldaketa prozesuagatik "Bilbo nazioartean ezaguna izatera eraman duten gakoak" aurkeztuko ditu Ochandianok foroan. Gainera, hiriaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren azalduko du, ekonomiaren sustapenari, sektore estrategikoei, enpleguari, talentuari eta gazteriari dagokionez.

Hirien Munduko Goi Bilerako Alkateen Foroa Singapurreko Bizitzeko moduko Hirien Zentroak eta Hirigintza Birgaitzeko Agintaritzak antolatu duten eztabaidarako eta hausnarketarako espazioa da. Nazioarteko topaketa garrantzitsuenetakoa da eta, aldi berean, mundu osoko udal arduradunak bertaratzen dira, hiriko lidergo praktikak partekatzeko helburuarekin.

Aurten bost kontinenteetako beste 66 hirirekin batera parte hartzeko gonbidapena jaso du Bilbok. Hiritarren bizi kalitatea hobetu eta eraldatzeko estrategiengatik nabarmendu diren hiriak, besteak beste, Abu Dhabi, Amman, Atenas, Auckland, Krakovia, Kuala Lumpur, Los Angeles, Marrakex, Manila, Mosku, Taipei, Seul, Tbilisi eta Yokohama.

Suzhouko Alkateen Foroan, Ochandianok hainbat eztabaida eta osoko bilkuretan parte hartuko du. Gai desberdinak jorratuko dira hirien aurrerapenen eta erronken inguruan: plangintza eta gobernantza, ondarea eta kultura, hirien erresilientzia ingurumen arriskuen aurrean, bizigarritasuna eta jasangarritasuna. Ekonomiaren eraldaketa eta garapena, inbertsioak eta talentua sortu eta erakartzea eta berrikuntzaren aldeko inbertsioa Bilbok etorkizun hurbilerako planteatuko dituen erronketako batzuk dira.

"ONDAREA ETA KULTURA"

Ostegunean, Ochandianok "Ondarea eta Kultura" saioan parte hartuko du, bai eta "Gazte liderrak" sinposioan ere, aurten "Kultura eta Lehiakortasun Ekonomikoa" gaian arreta jarriko duena. Sustapen ekonomikoari, enplegu sorkuntzari eta ezagutzaren zabalkuntzari dagokionez, kulturak Bilbon duen eginkizuna ezagutzera emango du Ochandianok. Horrez gain, saria irabazi duten hirien ordezkarien topaketara gonbidatua izan da zinegotzia -Bilbo (2010), New York (2012), Suzhou (2014) eta Medellin (2016)-. Bertan, loturak sendotu eta bakoitzak bere hiri errealitateari buruzko esperientziak partekatuko ditu.

Bilbok 2013ko edizioan antolatu zuen ekitaldia, Lee Kuan Yew World City Prize sariaren lehenengo irabazle gisa, eta ekitaldia Singapurretik kanpo antolatu zen lehenengo aldia izan zen. 2015ean New Yorken egin zen eta aurtengo edizioa (2017) Suzhoun (Txina) izango da, bigarren eta hirugarren edizioetako sariak irabazi dituzten hirietan, hurrenez hurren.