ETSk Durangoko tren geltoki zaharra eraisteko eta egungoaren sarbideak hobetzeko lanen eskaintza egin du

Durangoko tren geltoki zaharra
EUSKAL TRENBIDE SAREA
Actualizado: viernes, 7 julio 2017 16:43

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarearen (ETS) kontratazio mahaiak "Durango" proiektuko bi lanen eskaintza egin du. Lehiaketara irtengo den lehenengo kontratazioa, gehienez 1,19 milioi euroko aurrekontuarekin eta zortzi hilabeteko egikaritze epearekin, Durangoko tren geltoki zaharra eraisteko eta inguruko lurrak egokitzeko lanei dagokiena izango da. Bigarren lizitazioak 322.000 euroko aurreikuspena du, sei hilabeteko epean egin beharko da, eta Bizkaiko herriko egungo geltokiaren oinezko sarbidea hobetzea izango du xede.

ETSk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Durangoko geltoki zaharraren eraikinean bulegoak, biltegiak, komunak eta etxebizitzak daude. Elkarren artean lotutako zenbait eraikinek osatzen dute higiezina. Orokorrean, eraikinaren egitura hormigoi armatuzkoa da (zutabeak, habeak eta forjatuak), eta barruko banaketak adreiluzkoak dira. Teilatuaren estruktura egurrezkoa da, eta gainean teilak dauzka.

Eraispenerako erabili beharko den teknika eskuzkoa izango da hasieran, eta ondoren prozedura mekaniko hidraulikoak erabili beharko dira, suntsigailuak eta zizailak eta talka mailuak, hain zuzen ere. Eraispena era selektiboan egingo da beti, hondakina osatzen duten materialak ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko eta hondakindegira eraman beharreko partea ahalik eta txikiena izan dadin.

Lanek dirauten bitartean, arreta berezia eskainiko zaio eraikinaren hegoaldeko fatxadaren eraispenari, geltoki berritik oso gertu baitago. Hori dela eta, neoprenozko pantaila bat instalatuko da, hondakinen kontrolik gabeko erorketa saihesteko asmoz.

Egin beharreko hurrengo lana, trenbide zabalguneko tren instalazioak desmuntatzea izango da. Eragiketa horretan, geltokitik gertu dauden ekipoak edo elementuak desmuntatu eta eraman beharko dira, besteak beste, kableak, mentsulak, errailak edo trabesak.

Amaitzeko, geltoki ondoko lurrak egokituko dira, 4.534 metro koadroko azaleran. Hesiak eta hondakinak kentzen direnean, ingurua jendeak erabiltzeko moduan geratuko da. Horrela, proiektua gauzatu ondoren, ingurua hormigoiz amaituta geratuko da, aurrerago egin beharko diren urbanizazio lanen faltan.

BIGARREN LIZITAZIOA

"Durango" proiektuari dagokion bigarren lizitazioa Bizkaiko herriko egungo tren geltokirako oinezko sarbidea estaltzean eta egokitzean datza, batez ere. Jarduketa hori, sarrera eta irteera nagusiko lanak egin ahal izan arte gauzatuko da, instalazioen erabileran kalitatea bermatzeko eta gaur egun erabiltzaileek jasaten dituzten arazoak saihesteko.

Gaur egun geltokiaren eraikina funtzionatzen ari da, eta herri erditik duen sarbide nagusia proiektuan larrialdietarako irteera gisa proposatu ziren eskaileretatik egiten da. Geltokia gauzatu zen unean, terminalaren parte batzuk amaitu gabe geratu ziren, jatorrizko geltokia eraitsi arte, eta horien artean dago sarbide nagusia jasoko duen eraikinaren partea.

Hala ere, kontuan izanda sarbide nagusi berria ireki ondoren ere, gaur egun funtzionatzen ari diren eskailerek zerbitzua ematen jarraituko dutela, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoak sarbide hori estaltzea eta egokitzea erabaki du, Durangoko tren geltokiaren proiektuari jarraipena emango dioten soluzioen bitartez. Esku hartze horren bitartez, jatorrizko proiektuaren irizpideak errespetatuko dira, irteera nagusi berriarekin edo etorkizunean egon daitezkeen handitze lanekin lehian sartu barik.

Egungo sarbidea estaltzeko proiektuaren barruan hobetu egingo da une honetan dagoen eskailera, malda murriztuz, eskailera mailak handituz eta eskailera buru gehiago sartuz. Geltokiaren sarbidea nabarmentzeko eta babesteko, sarbideko edikulu gisa kanporantz irtengo den elementu bat egingo da, metalezko estruktura eta kristalezko itxidura izango dituena.

Behealdeko galeria eta lehen eskailera burura heltzen diren eskailerak estaltzeko, ia horizontala izango den beirazko eta altzairuzko egitura egingo da, erreferentzia gisa geltokiaren galeria nagusia estaliko duen elementua hartuz. Egiturak galeriaren gidalerroa eta modulazioa gordeko ditu, eta sortutako beirazko horma atalak une honetan daudenen antzeko tamainakoak izango dira.