Etxean jarduteko eskaerak onartzean kontuz ibiltzeko gomendatu die Kontsumobidek butano eta propano erabiltzaileei

Butanoa eta propanoa erabiltzen dutenak ohartarazi ditu Kontsumobidek
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 11 junio 2015 13:23

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuak berriz jakin du azken asteetan Euskadin bisitak egiten ari direla, etxez etxe, ustez gas instalazioak aztertzeko, zehazkiago, Aiaraldean eta Busturialdean, eta, nahigabeko egoerak saihesteko asmoz, ontziratutako gasaren (butanoa eta propanoa) erabiltzaileei aholkatu die kontu handiz ibiltzeko haien instalazioetan jarduteko eskaerak onartzean.

   Salaketen arabera, 70 euroko fakturazioak egin dituzte, gutxi gorabehera, gomak aldatzeagatik eta "egiaztapenak" egiteagatik. Normalean herriguneetatik urrundutako eremuetan jarduten dute, eta adineko jendeari egiten diote iruzur, Kontsumobidek jakinarazi duenez.

   Horrelako egoerak saihesteko, hornidura kontratuen titular guztiek, lau urtean behin, ontziratutako gasaren instalazioen nahitaezko azterketa egin behar dutela gogorarazi du erakundeak. Aldi hori amaitzen den urte naturalaren barruan egin behar da azterketa.

   Gainera, ontziratutako gasa banatzen duten enpresek azterketa egin beharra gogorarazi behar diete instalazio horien erabiltzaile edo titularrei, behar adinako aurrerapenaz, azterketa egiteko epea amaitzen den eguna argi eta garbi adierazita. "Egiaztapenak" egiteko inolako betebeharrik ez dago.

   Gasa hornitzen duten enpresek egingo dute aldian behingo azterketa, behar bezalako baimenarekin, eta gomak ordezkatu aurretik, iraungipen data egiaztatu behar da. Datu hori goman inprimatuta dago, eta noiztik aurrera aldatu behar den adierazten du. Halaber, Industria Ministerioaren Industria Erregistro Integratua edozeinek kontsulta dezake, baimendutako enpresak zein diren jakiteko.

   Gainera, Kontsumobidek aholkatu du "aldian behingo azterketa" horiekin zerikusia duten ustekabeko bisitaldiekin ez fidatzea, inoiz ere ez, baldin eta bisitaldia aldez aurretik eskatu ez bada edo hornidura ematen duen enpresa zurekin aldez aurretik harremanetan jarri ez bada.

   Halaber, konpainiari zuzenean informazioa eskatu behar zaio, egin beharreko jardunen inguruan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko eta, zalantza izanez gero, ez sinatu ezer eta ez eman datu pertsonalik. Azkenik, ez da zuzenean ordaindu behar etxera bertaratzen den pertsonari, eta akreditazioa erakusteko eskatu behar zaio, dagokion konpainiaren langilea dela egiaztatzeko.