Etxepare Euskal Institutua Katalunian aurkeztuko da azaroaren 16an

Actualizado: viernes, 11 noviembre 2011 17:43

BILBO, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak erakundearen helburuak eta Katalunia eta Euskadiren arteko harreman kulturalak sustatu eta estutzeko ekimenak azalduko ditu datorren asteazkenean, azaroaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Bartzelonako L'Auditori-n.

Gainera, Etxepare Institutuak "lehenengo zangoa" jarriko du Katalunian Arte Eszenikoen Katalunia-Euskadi Foroa antolatuz azaroaren 16an bertan, 18:00etan, L'Auditori-n, eta "Hostoak" ikuskizuna aurkeztuz azaroaren 17an, 21:00etan, L'Auditori-n baita ere.

Etxepare Euskal Institutuko helburuen eta Euskadi eta Kataluniaren arteko harreman kulturalak sustatzeko ekimenen aurkezpenean, Goenagarekin batera, Igor Otxoa "Hostoak" proiektuaren zuzendari eta musikaria eta Josep Maria Dutrén L'Auditoriko Musika Modernoen saileko

zuzendaria egongo dira.

Bestalde, Arte Eszenikoen Katalunia-Euskadi Foroan parte hartuko dute, besteak beste, La Fura dels Baus, Teatre Lliure, Mercat de les Flors, L'Auditori, ICIC, Institut Ramon Llull, Etxepare Euskal Institutua, Txalapart, Kukai, Syntorama, Euskal Herria Sona, Teatro Principal de Vitoria edo The Project.

Halaber, azaroaren 17an egingo den "Hostoak" ikuskizunaren aurkezpenean eta harrera instituzionalean egongo dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell eta bere homologo kataluna den Ferran Mascarell.

"Hostoak" ikuskizunak dantza, musika eta kantagintzaren arteko hesiak hausten ditu. Diziplina ezberdinetako sortzaileak uztartzen dituen elkarrizketa bat da. Euskal kultura tradizionaletik abiatuta egungo planteamendu garaikideak garatu dituzte ikuskizunean parte hartzen duten artistek. Musika instrumentuak dantza eta koreografiaren parte dira, eta abeslari eta musikariek txalapartaren makilek bezala egiten dute dantza.

Gauza batek bereizten du ikuskizun hau beste proposamen eszeniko batzuetatik: mugimenduak eta koreografiak gidaturik, musika elementuek, kantuek eta dantzek oholtza gainean bat egiten dute, elementu bakarra bihurtzen dira.

"Hostoak" hiru taldek sortutako ikuskizuna da, eta hiruen ezaugarria da elementu tradizionaletan oinarrituta planteamentu garaikideak aurkeztea: Oreka Tx, Kukai dantza konpainia eta iparraldeko Amaren Alabak taldea.

EUSKARAZKO KLASEAK BARTZELONAN

Etxepare Euskal Institutuak burutuko dituen jarduera hauez gain, Eusko Jaurlaritzak eta Bartzelonako Euskal Etxeak hitzarmena sinatuko dute Bartzelonan euskara klaseak emateko. Euskara klaseetarako diru-kopurua 22.000 eurokoa da. Eskola orduak 2.104 izango dira, eta ikasle kopurua 164.

Hitzarmena azaroaren 17an sinatuko dute, Bartzelonako Euskal Etxean, Lurdes Auzmendi Eusko Jaularitzako Hizkuntza Politikarako

sailburuordeak, Iñaki Uribe HABEko zuzendaria eta Oihane Astuy Bartzelonako Centre Cultural-Euskal Etxearen ordezkariak.