Etxepare Euskal Institutuaren patronatuaren bilerak Lehendakaria izan du mahaiburu

El lehendakari, Patxi López
EUROPA PRESS
Actualizado: lunes, 27 junio 2011 20:32

BILBO, 27 Jun. (EUROPA PRESS) -

Patxi Lopez lehendakaria izan du mahaiburu gaur bertan lehendakaritzaren egoitzan burutu den Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bilerak. 2011 bukatzeko geratzen diren hileetarako aurreikusitako jardueren berri eman da bilera honetan, baita 2012rako helburuei, estrategiei eta jarduerei buruzko lehenbiziko zertzeladak ere.

Lehendakariaren agurraren ostean, Institutuko zuzendariak, Aizpea Goenagak, Patronatuko kideei urteko kontuak aurkeztu eta ordura arte burututako kudeaketa azaldu dizkie, baita 2011 bukatu arte geratzen den denborarako aurreikusitako jarduerak ere. Halaber, 2012rako aurreikusitako helburuen, estrategien eta jardueren zirriborroa ere aurkeztu die, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Zentzu honetan, Institutuko zuzendariak kultura zein euskara arloan gauzatutako jardueren berri eman du. Irakurletzen eta euskal ikasketen katedrak abiarazteko atzerriko unibertsitateekiko harremanen arloan burutu den lana nabarmendu du.

Datorren urterako, euskal kulturaren sareak garatzen eta sendotzen eta irakurletzen mapa zabaltzen jarraitzea du helburu Etxepare Institutuak. Halaber, kultura eta euskararen zabaltze jardueretarako dauden diru-laguntzen azterketa burutu ostean, hauek birdiseinatzeari ekitea erabaki du Institutuak.

2011ko bigarren seihilekorako nabarmentzen diren jardueren artean UPV/EHUko udako ikastaroetan garatuko den 'Excellence in Basque Studies' ikastaroa, eta abenduan Berlinen izango den euskal koreografoen jaialdia aipatu behar dira, besteak beste.

2012ari dagokionez, San Telmo museoan izango den euskarari buruzko erakusketa, New Yorkeko Licoln Center-en izango den euskal zinemaren atzera-begirada, eta Madrilen burutuko den euskal musika eta arte eszenikoen programazio jarraitua prestatzen dihardute.