Etxepare-Laboral Kutxa II. Itzulpen Saria ostiralean banatuko da, Donostian

Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 11:30

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

Etxepare-Laboral Kutxa II. Itzulpen Saria ostiralean banatuko da, irailaren 30ean, Itzultzaileen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eta irabazlea nor izan den ekitaldian bertan jakinaraziko dute. Ekitaldia Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan izango da, Donostiako Tabakaleran, eguerdiko 12:00etan.

Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lan baten itzulpen lan bat saritzeko asmoz sortu zuten saria iaz, euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea euskal eremutik kanpo sustatzeko asmoz.

Erakundeok jakinarazi dutenez, itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartu ditu epaimahaiak erabakia hartzerakoan; hori dela eta, 4.000 euroko saria argitaletxeak eta itzultzaileak partekatuko dute, erdibana. Gainera, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute onuradunek, sari banaketara etorri ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko.

Esan bezala, saritua izan den lanaren jakinarazpena eta sari banaketa ostiralean egingo dira -Itzultzaileen Nazioarteko Egunean- , eguerdiko 12:00etan Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan. Bertan izango dira, bai saria jasoko duen itzultzailea, bai itzulitako euskarazko jatorrizko lanaren idazlea. Gainera, irakurketa bat eskainiko dute bi hizkuntzetan.