Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria, irailaren 30ean Donostian

Actualizado: jueves, 24 septiembre 2015 13:45

   DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxa finantza erakundeak jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sorturiko Etxepare-Laboral Kutxa Sariaren irabazlea nor den irailaren 30ean jakingo da, eta saria ere emango da, Donostiako Tabakaleran 12:00etatik aurrera egingo den ekitaldian. Euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea euskal eremutik kanpo sustatzea da sariaren xedea.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartu ditu epaimahaiak erabakia hartzerakoan. Hori dela eta, 4.000 euroko saria argitaletxeak eta itzultzaileak partekatuko dute, erdibana. Gainera, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute onuradunek, sari banaketara etorri ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko.

   Saritua izan den lanaren jakinarazpena eta sari banaketa irailaren 30ean egingo dira, Itzultzaileen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, 12:00etatik aurrera, Etxepare Euskal Institutuaren egoitza berrian, Tabakalerako hirugarren solairuan.