Uraren arloko Europako ehundik gora aditu bilduko dira asteazkenetik ostiralera Bilbon

Iturria
PIXABAY
Actualizado: martes, 17 octubre 2017 11:39

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

EurEau Ur Zerbitzuen Elkarte Nazionalen Europar Federazioaren (European Federation of National Associations of Water Services) urteko bilkura egingo da asteazkenetik ostiralera, urriaren 18tik 20ra, Bilboko Euskalduna Jauregian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren 50. urteurrenarekin bat eginez. Uraren arloko Europako ehun aditu baino gehiago bilduko dituen hitzorduak Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartearen (AEAS) laguntza izango du.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duenez, "eginkizun garrantzitsu eta aktiboa" dauka EurEau elkartean, bai eta ordezkari bat ere Saneamenduko Biltzarrean. EurEau elkarteak Europar Batasuneko herrialdeetako ur elkarte nazionalak biltzen ditu eta Europan hornidura eta saneamendu zerbitzuak ematen dituzten operadore publikoei eta pribatuei ahotsa ematen die. Guztiek batera 400 milioi pertsonari ematen dizkiete zerbitzu horiek.

Biltzarraren lehenengo jardunaldian, lan batzordeek hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, ingurumenaren babesa, mikrokutsatzaileak, kutsatzaile berriak, urak ekonomia zirkularrean daukan balioa, berrerabilpena, aldaketa klimatikoaren inpaktua, berrikuntza teknologikoa eta hiriko uren kudeaketan aplikatutako aurrerakuntza zientifikoak, bai eta, besteak beste, Uraren Esparru Zuzentarauarekin edo Edateko Uraren Zuzentarauarekin zerikusia duten EBren politiketan aurreikusitako berrikuspenak ere.

Bigarren egunean, biltzarraren osoko bilkura egingo da, eta "NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak Europan ezartzea: ur-zerbitzuen eginkizuna hiri jasangarrien horniduran" izango da ardatz nagusia. Saio horretan, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) eta Europako Batzordeko hainbat ordezkarik parte hartuko dute, besteak beste, Peter Koefoed Bjornsen aldaketa klimatikoaren eta uraren alorreko adituak eta Marta Moren Abat komisarioak. Biltzarraren azken egunean EurEau elkarteko kideek batzar nagusia egingo dute.

50. URTEURRENA

Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoak hainbat jarduera antolatu ditu urtea amaitu arte 50. urteurrena ospatzeko. Ildo horretan, EurEau elkartearen urteko biltzarraz gain, azaroan Young Water Professionals taldearen lehenengo foroa egingo da Bilbon; talde hori International Water Association elkarteko profesional gazteen estatuko adarra da. Uraren sektorearekin lotuta dauden eta profesionalak diren 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako lan topaketa izango da, uraren egungo kudeaketaren eta ur azpiegituren gaineko gaiak jorratzeko.

Young Water Professionals (YWP) sarea International Water Association (IWA) elkartearen ekimen global bat da. Estatu mailan, 2015. urtean sortu zen uraren munduko gazteen garapen profesionala sustatzeko eta errazteko. Aurtengo helburuen artean kideen arteko loturak sendotzeko eta nazioarteko kokapena hobetzen jarraitzeko balioko duen biltzar bat egitea zehaztu zen. Gaur egun, sarea 130 kide baino gehiagok osatzen dute eta uraren sektoreko profesionalen artean toki garrantzitsu bat hartzea lortu du.

Foroaren egitaraua oso dinamikoa eta parte hartzailea izatea da asmoa, edukiak sakondu eta lotura berriak sortzeko modukoa. Sarearen gai nagusiak jorratuko dira: uraren 4.0 sektorea, baliabide hidrikoen kudeaketa integratua eta uraren sektoreak industrian eta nekazaritzan daukan eginkizuna. Hitzordu honetan Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkarteak (AEAS) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ere parte hartuko dute.