Euriteek 13 hildako utzi dituzte Sao Paulon (Brasil) eta kaosa eragin dute

Actualizado: martes, 11 enero 2011 18:29

BRASILIA, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Azken egunetan izandako euriteek 13 hildako utzi dituzte Sao Paulo estatuan eta kaosa eragin dute Brasilgo hiririk handienean, Tiete ibaiak gainezka egiteak eragindako uholdeen ondorioz.

Sao Paulo hiriko errepideak urez beteta agertu dira gaur goizean, eta Defentsa Zibilak sei hildako eta zazpi desagertu zenbatu ditu orain arte. Biktima gehienak urak arrastaka eramanda edo itota hil dira, Brasil Agentziak jakinarazi duenez.

Larrialdiak Artatzeko Zentroaren arabera, 37 zonalde urpean daude, eta haietako 26tik ezin da igaro. Gainera, 18 auzotan alerta-egoera eman dute, Sao Paulo estatuko eskualde metropolitarrean luiziak izateko arriskua dagoelako.

Tiete ibaiak gainezka egitean, arazo ugari sortu dira Sao Pauloko trafikoan; Sao Paulo Brasil eta Hego Amerika osoko hiririk handiena da. Gainera, ehunka pertsona euren etxebizitzetan harrapatuta daude uholdeen ondorioz.

Sao Jose dos Campos hirian, estatuko hiriburutik 70 bat kilometrora, bost lagun hil dira beren etxebizitza euriteen ondorioz eraitsi ondoren. Maua eta Embu hirietan, Sao Paulotik kilometro gutxira, beste lau pertsona hil dira eraisketek harrapatuta.