Europa Transit ekimenak errefuxiatuen integrazioaren auziari heldu dio Dresdenen

Europa Transit Dresden hirian
DONOSTIA 2016
Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 14:24

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Europa Transit Donostia 2016 Kultur Hiriburutzako enbaxada ibiltariak gatazken lekuko diren edo izan diren hamar hiri europar bisitatzen jarraitzen du, eta ibilbide horren hirugarren geldiunea Dresden izan da, Ceuta eta Belfasten ondoren, eta, bere eginkizunari jarraiki, Alemaniako hirian elkarbizitzarako kulturaren mezua zabalduko duen dokumentala grabatzen ari da, puri purian dagoen errefuxiatu eta iheslarien auzoari helduz.

   Egitasmoaren arduradunek gogorarazi dutenez, Bigarren Mundu Gerra amaitzear zegoela, Dresdeneko bonbardaketak hiria erabat hondatu zuen eta hiria gerraren indar suntsitzailearen sinbolo bilakatu zen. Donostia 2016ko enbaxada ibiltaria grabatzen ari den dokumentalak hiri alemaneko iragana eta oraina batuko ditu, eta aztertuko du nola erantzuten dion gerra oso gertutik sufritu zuen hiriak, gerratik ihesi heltzen diren errefuxiatuen auziari. "Errefuxiatuei harrera egiteko ekimenetan parte hartzen duten herritarren motibazioa pertsonala eta historikoa ere badela erakutsiko du", azaldu dute.

   Era berean, hiriko biztanleak eta iritsi berriak bizikide izateko prozesuan kulturak daukan balioa azpimarratuko du dokumentalak, eta horretarako, Dresdenen martxan dauden hainbat ekimenen berri emango du, esaterako, Staatsschauspiel Dresden antzokian astelehenero egiten den Montagscafé. Dokumentalean, besteak beste, hiriko bonbardaketa bizi izan zuten pertsonen, historialarien, errefuxiatuen eta errefuxiatuekin lanean dabiltzan boluntarioen testigantzak jasoko dira. Errefuxiatuentzako harrera gune den Friedland zentroa ere bisitatu du Europa Transit taldeak Saxonia Beherean.

   Europa Transit Enbaxada ibiltariak egingo dituen dokumental hauek hilero emango dira ETBn, eta ostegun honetan bertan estreinatuko da ETB1en Ceutan grabatutakoa: "Mugaldeko mezuak". Mugaldetan lan egitera ohitua dagoen Sergi Camara argazkilariak erakusketa bat antolatu zuen Ceutako CETIn (Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroan). Bere argazkien bitartez, hiri autonomora heldu berri diren etorkinei mintzatu zitzaizkien iraganean CETItik igarotako eta orain Europan bizi diren migranteak.

   Datorren apirilean Ipar Irlandako bake prozesuaren inguruan Belfasten filmatutako dokumentala izango da ikusgai, eta maiatzean, berriz, asteotan Dresdenen landutakoa.