Europar Batzordeko ordezkariak Euskadin daude Lanbide Heziketako eredua ezagutzeko

Europar Batzordeko ordezkariak Tknikan
IREKIA
Actualizado: miércoles, 17 mayo 2017 14:45

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

Europako Batzordeko ordezkaritza bat Euskadin dago egunotan, Lanbide Heziketako euskal ereduaren ezaugarri nagusiak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Enplegurako Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Europako Batzordeko Lanbide Heziketa Atalaren arduradun nagusi Joao Santos buru dela, lantaldea Europako Batzordeko arduradunek eta enplegu politikez arduratzen diren Europako 14 estatutako ordezkariek osatzen dute, besteak beste, Finlandia, Austria, Alemania, Suedia, Italia, Lituania, Estonia edo Erresuma Batukoak.

Asteazken honetan, goizez, Tknikaren egoitzan harrera egin dio ordezkaritzari Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak. Goizeko saioetan, mahai inguruetan elkartu dira euskal eta europar ordezkariak, eta Lanbide Heziketaren inguruko ikuspuntuak partekatzeko aukera izan dute. Saio horietan hizpide nagusietako bat, eta Euskadiko Lanbide Heziketak dituen ezaugarrien artean Europan interesik handiena sortarazten duena, euskal Lanbide Heziketa enpresen eta bereziki enpresa ertain eta txikien beharrei ematen ari den erantzuna izan da.

Era berean, ekintzailetza kultura sustatzeko edo Lanbide Heziketako institutuetan bertan enpresak sortzeko egiten den lana edo irakaskuntza prozesuan ezartzen ari diren metodologia berriak hizpide izan dira.

Arratsaldean, berriz, bisita praktikoak egingo dituzte. Europako ordezkaritzak bertatik bertara ezagutuko ditu aipaturiko metodologia berritzailea ezartzen duten ikasgelak. Eredu berritzaile horren elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Aldaketa metodologiko honek espazio fisikoen antolaera berria ere eskatzen du, eta helburu du ikasgelan testuinguru berriak sartzea, ikaskuntza prozesuan ikasleen lanbide konpetentziak hobeto garatzeko bidea emango dutenak (konpetentziak teknikoak zein zeharkakoak).

Europar Batasuneko ordezkariek Euskadiko Lanbide Heziketan robotika arloa nola lantzen den ere ezagutuko dute arratsaldean, edota 3D inprimagailuen bidezko fabrikazioa zertan den.