EUSKADI.-Abadiñoko Udalak (Bizkaia) 779.000 euro inbertituko ditu ingurumenaren aldeko hamar jarduera egiteko hainbat auzotan

Actualizado: jueves, 18 febrero 2010 17:21

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) 779.000 euro inbertituko ditu aurten hainbat auzotan hirigintzako hamar jarduera egiteko. Programak 80 lagun ingururi emango dio lana, eta haren ondorioz, herritarren ongizatea eta ingurumena hobetuko dira, eta energia garbiak erabiltzeak duen garrantziari buruzko kontzientziazioa piztuko da. Gobernu zentralaren E Planaren bidez jasotako diru-laguntzen dirua da inbertituko dena.

Gaur eman duen prentsaurrekoan, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak azaldu du aurreikusitako jarduera nagusien artean, Astolako igerilekuetako ura berreskuratzeko udal plana jaso dela. Lan horretan ur hori erabili nahi da, besteak beste, herriko lorategiak ureztatzeko. Jarduera horren bidez, urtero, 8.575 euro inguru aurreztuko dira.

Bestalde, elektrizitatea ekoizteko baterako sorkuntzako sistema bat eta ura berotzeko eguzki-ekipoak jarriko dira udal igerilekuetan. Horrez gain, energiako eguzki-sistemak jarriko dira erretirodunen etxean, Mendiola eta Gazteluko ur-biltegietan, eta Astolako udal aretoan. Instalazio horiekin batera, informazioko oholak jarriko dira, eta bertan, denbora errealean azalduko dira ekoiztutako energiari eta aurreztutako CO2-ri buruzko datuak.

Beste proiektu batek aukera emango du Arrankurri auzoko hondakin-urak biltzeko eta saneamenduko sistema orokorrean sartzeko. Orain arte, alderdi horretako ur zikinak Zumelegi ibaira joaten ziren. Alkateak hauxe adierazi du pozik. "CO2-a gutxituko dugu, eta hori onuragarria izango da gure ibaiak garbiago egon daitezen; gainera, ura aurreztuko dugu, eta ura oso ondasun baliotsua da", adierazi du.

Era berean, Abadiñoko alkateak nabarmendu duenez, Udalak kontzientzia hartzeko lan garrantzitsua egingo du proiektuak abian jarri ondoren. Zehazki, bere esanetan, "informazioko oholen bidez, biztanleek benetako datuak izango dituzte eskura etengabe, isurtzen ez den CO2-ren kopuruari buruz".