EUSKADI.-Aditu europarrek udal politika eta teknologia berriak aztertuko dituzte gaur eta bihar Bilbon

Actualizado: jueves, 12 marzo 2009 17:24

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) lan-bilera egingo dute gaur eta bihar informazioaren gizarteko eta 'e-Gobernua' delakoaren esparruko udal politikari buruz hitz egiteko. Bilera Bilbon izango da, Eudelen egoitzan, eta, bertan, Belgika, Finlandia, Alemania, Letonia, Polonia, Suedia, Italia, Holanda eta Erresuma Batuko 16 ordezkarik hartuko dute parte, bai eta EUEK-ko politika arduradunek ere.

Antolatzaileek azaldu dutenez, banda zabaleko teknologia berriek tokiko gobernuetan duten zereginari buruz egingo da berba. Era berean, udalek Informazioaren Gizartera eta e-Gobernuaren esparrura egokitzeko dituzten moduak aztertuko dira, beraien interesak babesteko eta bizitza politikoan duten presentzia defendatzeko.

Topaketa honi esker, Europako tokiko erakundeek aukera izango dute euren azpiegitura birtualak eta lan-metodoak hobetzeko teknikak trukatzeko.

Jokin Bildarratz Eudeleko elkarteburuaren irekieraren ostean, zenbait saio egingo dira, eta, modu horretan, herrialde jakin batzuetan (esate baterako, Norvegian) sareko teknologia berrietarako garatu diren aplikazioak aztertuko dira. Bisita honen bitartez, era berean, Kz zentroak ezagutu ahal izango dituzte, bai eta banda zabalak Euskadiko landa-giroko udalerrietan duen zabalkundea ere.

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua (EUEK) Europako 35 herrialde baino gehiagoko eskualdeetako 100.000 agintariz dago osatuta. Erakunde aldeaniztun honen xede nagusia Europa batua eraikitzea da, tokiko gobernu indartsu baten bitartez.

Erakundearen lan-esparru nagusiak eskualde-politika, garraioa, ingurumena edo berdintasuna dira. Bere lantalde eta batzordeek eragina izan nahi dute Europako legedian, tokiko agintarien interesak eta kezkak kontuan hartuak izan daitezen hasierako prozesu legegileetatik.