EUSKADI.-Alfredo Garcia Frances eta Daniel Mordzinski argazkilariek literaturarekin duten harremana azalduko dute gaur Bilbon

Actualizado: martes, 16 junio 2009 11:28

BILBO, 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak abian jarritako "Eztabaidak literaturarekin" idazleen hitzaldi zikloan literaturaren eta argazkilaritzaren inguruko eztabaidagaia izango da gaur. Honela, lan literarioak eta argazkigintzako lanak egiten dituzten bi profesional ariko dira: Alfredo Garcia Frances bilbotarra eta Daniel Mordzinski buenosairestarra. Willy Uribe izango da moderatzailea Bilboko Bidebarrietako liburutegian 19:30etan hasiko den ekitaldian. Sarrera doakoa izango da, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Garcia Frances eta Mordzinskik, "Literatura eta argazkigintza" gaia hartuta, diziplina artistiko hauek errealitatea harrapatzeko duten gaitasunaren inguruan hitz egingo dute eta autoreei bitarteko eta baliabide hauek estilo aldetik zein helburu aldetik eskaintzen dizkien aukeren inguruan. Publikoaren parte-hartzea zabalik izango da ekitaldian, eta galderaren inguruan profesionalen iritzia jakiteko aukera eskainiko du.

Alfredo Garcia Frances (Bilbo, 1949) argazkilaria, kazetaria eta idazlea da. Bruselan argazkilaritza ikasi ondoren, Amberesen eta Parisen lan egin zuen herrira itzuli aurretik. Bere ibilbide profesional zabalean, hainbat hedabidetan kolaborazio lanetan jardun izan du, besteak beste, 'Cambio 16', 'Interviu', 'Triunfo', 'Diario 16', 'Paris Macht', 'Stern' edo 'Nouvel Observateur' argitalpenetan.

Cober Press agentziaren sortzaile taldeko kidea da eta 'Tribuna Vasca'-ko argazki atala zuzendu ondoren, 'El Pais' egunkarian hasi zen, non lurralde ordezkaritzako editore grafikoa izan den. 1984an, Espainia Europar Batasunean sartu zenean, 'El Pais' egunkariari emandako estaldurarengatik Kazetaritzako Espainiako Sari Nazionala eman zioten. Idazle bezala hiru eleberri historiko ('El hidalgo segundon', 'El secreto del emperador' eta 'Bastardo real') idatzi ditu eta 'Balas de carmín' thrillerra ere.

Bestalde, Daniel Mordzinski (Buenos Aires, 1960), bere argazki makina soinean, mundu osoan zehar ibilia da zenbait idazle ospetsurekin batera, hala nola Luis Sepulveda txiletarrarekin, Jean Claude Izzo frantsesarekin, Jose Manuel Fajardo espainiarrarekin zein Antonio Sarabia mexikarrarekin.

Latinoamerikar lurraldeko errealitatea ezagutzeko ezinbesteko argazkilaritzat jotzen dute, eta baita Borges, Sabato, Garcia Marquez, Cortazar edo Cabrera Infante bezalako figura literarioak ezagutzeko ere. Parisen bizi da 1980tik.