EUSKADI.-Alhondiga Bilbaok umore eta abenturazko komikiari eta komiki autobiografikoari buruzko topaketak egingo ditu

BILBO, 6 Abr. (EUROPA PRESS) -

Alhondiga Bilbao zentroak umorezko eta abenturazko komikiari eta komiki autobiografikoari buruzko jardunaldiak antolatu ditu apirilaren 14tik 18ra bitartean. Ekimen honekin, Alhondiga Bilbaok "pauso bat gehiago eman nahi du" komikiaren generoaren alde, eta 40 orduko ikastaro teoriko-praktikoa eskainiko du.

Bertan parte hartzen dutenek komikiak sortzeko eta ekoizteko sekretuak ezagutuko dituzte Paco Roca, Ecmond Baudoin, Toni Guiral, Pepe Galvez, Jesus Redondo, Marina Ariza, Antonio Martin eta Manel Fontdevila izen handiko profesionalen eskutik. Gainera, arratsaldeetan, hala nahi dutenek, autore handi hauekin elkarrizketa itxuran egingo diren hitzaldietara joan ahal izango dute sarrera ordaindu gabe.

"Barre egiteko komikiak, negar egiteko komikiak, pentsatzeko komikiak" izenburupean, ikasleek arte horren zirrikituez gozatuko dute, eta tailer praktikoen bitartez, hurbiletik ezagutuko dituzte umorezko eta abenturazko komikien zein autobiografia komikien hainbat joera, estilo eta baliabide artistiko.

Tailerra EHUko Esperientzia Ikasgeletan izango da, Bilboko Alde Zaharrean, apirilaren 14tik 18ra, 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:30etara. Izena eman nahi dutenek web-orri honetan eman dezakete apirilaren 7a baino lehenago: www.alhondigabilbao.com. Tailerrak 150 euro balio ditu (materiala barne), baina ikasleek %50 merkeago egin ahal izango dute matrikula.

Jardunaldien barruan, Antonio Altarribak elkarrizketak egingo dizkie hainbat autoreri. Altarriba Literatura Frantsesean katedraduna da EHUtik, eta komikiaren munduaren ikerlari ezaguna da. "KomiKlub" delako hitzaldiak Joker liburu-dendan izango dira apirilaren 14tik 17ra, 20:00etan, eta sarrera doanekoa izango da.

Hitzaldi hauetan parte hartuko duten egileak ondokoak dira:

Antonio Martin (apirilak 14) 'Bang!' aldizkari espezializatuaren editorea eta zuzendaria; Manel Fontdevila (apirilak 15) 'El Jueves' aldizkariaren sorrerako egileetako bat; Paco Roca (apirilak 16) eta

Edmond Baudoin (apirilak 17).

Jardunaldi hauek Alhondiga Bilbaok antolatu ditu hirian komikia sustatzeko egiten ari den ekimenen barruan. Horrela, etorkizuneko Aisialdi eta Kulturarako Zentroa baliabide-zentroa izango da genero honentzat, komikien sorrera sustatzea eta literatur eremu horretan sortzaile berriak agertzea baita helburua.

KOMIKIAREN BEKA

Testuinguru honetan, Alhondiga Bilbaok bigarren urtez jarraian emango du Komikiaren Beka. Horrekin, aurkezten den proiekturik berritzaileenaren errealizazioa finantzatuko da. Nazioartean ospe handia duen Angulemako (Frantzia) "La Maison des Auteurs" zentroarekin lankidetzan ematen da aipatutako beka.

"La Maison des Auteurs" komikiei eta ikus-entzunezko beste arte batzuei (animazioko zinema, bideojokoak eta abar) zuzendutako zentroa da, eta, bertan, lan baldintza egokiak ematen zaizkie zenbait egileri, sorkuntzan aritu ahal izan daitezen.

Hala, beka jasotzen duenak urtebetean parte hartuko du zentro horretako istoriotxo grafikoetako proiektu batean. Aurten, Clara-Tanit Arque (AlhondigaKomik bekaren lehenengo irabazlea) ari da egonaldiaz gozatzen.