EUSKADI.-Antzerkia eta dantza eramango ditu "Zirkuitoa" egitarauaren bederatzigarren edizioak bihartik Bilboko barruti guztietara

Actualizado: martes, 24 febrero 2009 13:06

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Antzerki amateurra eta dantza Bilboko kultur egitaraura helduko da "Zirkuitoa" egitarauaren bederatzigaren edizioarekin. Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak bertoko antzerki talde amateurren jarduera sustatzeko antolatzen duen ekimena da "Zirkuitoa". Konpainiei beren obrak taularatzeko aukera emateaz gain, programa honek hiriko eskaintza kulturala deszentralizatzea du helburu eta, era honetan, Bilboko barruti ezberdinetara zabaltzen da.

Horrela, urte osoan zehar 25 antzezpen taularatuko dira bertoko dantza eta antzerki talde ezberdinen eskutik. Era honetan, konpainiek urte osoan lantzen aritu diren antzezlanak estreinatzeaz gain, leku ezberdinetan, behin baino gehiagotan eta publiko ezberdinarentzat antzezteko aukera eskeintzen die egitarau honek.

Deustu, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko eta Abando-Barrainkua auzoez gain, antolatzaileek beste bi leku berri prestatu dituzte egitarauaren edizio berrirako: Artelan Berreginen Museoa eta Iturrigorri-El Peñascaleko ikastetxe publikoa.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antzerki taldeen esku jarri nahi ditu antzezlanak taularatzeko lokalak, antzezlan horien publizitate eta zabalkundea, eta konpentsazio ekonomiko bat muntaia finantzatzeko. Era berean, ikusleak sarrera librea eta doakoa izaten du.

Azpimaratzekoa da azken urteetan "Zirkuitoa" arrakasta izaten ari dela publikoari dagokionez. Horrela, azken edizioan, 2.000 pertsona inguru hurbildu ziren programazioan eskainitako antzezpenetara. Guztira, eta edizio denak kontuan hartuz, 18.000tik gora lagunek parte hartu dute eta 175 ikuskizun inguru egon dira.

OTSAILA ETA MARTXOA

"Zirkuitoa" egitarauaren bederatzigarren edizioa bihar abiatuko da Begoñako Udaltegian, August Strindbergen "La mas fuerte" obrarekin, Teatro Intimo taldearen eskutik. Ostegunean, Malabrigo konpainiak "Hombres" antzezlana eskainiko du Otxarkoagako Udaltegian, eta ostiralean, Compañia O taldeak "Butoh" dantza eta antzerki fisikoaren ikuskizuna aurkeztuko du Artelan Berreginen Museoan.

Martxoan bi ospakizunekin bat egingo du "Zirkuitoa"-k. Lehenengoa, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta martxoaren 5ean bi emanaldi izango dira: Katastrofen taldearen "El exilio de tus seres de PVC" eta Burbujas konpainiaren "Habitacion con vistas al interior"; bi antzezpenak Iturrigorri-El Peñascaleko ikastetxe publikoan izango dira.

Bigarren ospakizuna martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna hain zuzen ere. Egun horretan, Totum konpainiak "En petit comite" lana taularatuko du San Frantziskoko Udaltegian. Honen ondoren, Artelan Berreginen Museoan beste ekitaldi bat egongo da, eta bertan, Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren mezua irakurriko da eta "El pincel flamenco" izenburuko musika eta 'bodypainting' (pintura gorputz biluzietan) ikuskizun originala izango da ikusgai.

Martxoko egitaraua osatzeko, hilaren 12an, Yonunka taldearen "Carnaval de serpientes" antzezlana izango da ikusgai Begoñan; hilaren 26an, berriz, Otxarkoagan, "El Exilio de tus seres de PVC" lana emango dute.