EUSKADI.-Arrigorriagako (Bizkaia) lehenengo Haurreskola estreinatu dute 0 eta 2 urte bitarteko 31 eskola-umek

Actualizado: lunes, 1 marzo 2010 14:46

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ikasturte berria estreinatu dute Arrigorriagako (Bizkaia) lehenengo Haurreskolan 0 eta 2 urte bitarteko 31 neska-mutilek. Haurreskola Aixarteko Eguneko Zentro zaharrean dago, Arrigorriagako Udalak heziketa-beharrizan berrietarako egokitu ondoren. Eskola-ume guztietatik 19, 0 eta 1 urte artekoak dira, eta gainerako 12ak, berriz, 1 eta 2 urte bitartekoak.

Arrigorriagako Udaleko Hezkuntza eta Euskara Saileko zinegotzi Gotzon Ajuriarentzat, joan den urtarrilean egindako matrikulazio kanpaina "erabat arrakastatsua" izan da, izan ere, "ikasturtearen erdian egonda, gehienez ere, izena eman duten ikasleen erdiak espero genituen". Era berean, Ajuriak gogorarazi du Haurreskolak 50 ikasle har ditzakeela gehienez, eta iragarri du 2010-2011 ikasturterako matrikulazio kanpaina maiatzean hasiko dela.

Halaber, Haurreskola berriak D ereduari jarraitzen dio. Arrigorriagako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Haurreskolak Partzuergoaren arteko akordio baten emaitza da, eta helburu nagusia da "lan-bizitza eta Arrigorriagako gazteenak zaindu beharra uztartzea", azaldu du Hezkuntza eta Euskarako zinegotzi Gotzon Ajuriak.

"Era berean, honela -adierazi du Ajuriak-, Arrigorriagako Gobernu Taldeak egindako promesetako bat ere bete da", hau da, hezkuntza ekipamenduak herrigunean biltzea.

Arrigorriagako Haurreskola sortzeko proiektuak "une oro izan du erritmo bikaina", eta eraikinaren barrualdea zaharberritzeko lanak egin izan dira. Ez da beharrezkoa izan kanpoaldeko fatxadan lanak egitea, egoera onean baitago; horrenbestez, eskola-zentro berriak eraikinaren hasierako estilo kolonialari eutsiko dio.

Arrigorriagako haurtzaindegi publiko berriak izango duen banaketak hasierako diseinua errespetatuko du. Lehenengo solairuan, 0 eta 1 urte arteko eskola-umeen prestakuntza eta arreta beharrizanei erantzuteko bi gela atontzeko lanak ari dira amaitzen. Solairu horretan, erabilera askotarako gela bat ere egongo da.

Bigarren solairuan urte 1 eta 2 urte bitarteko neska-mutikoentzako gela egongo da, bai eta erabilera askotarako beste gela bat ere. Eta hirugarren solairuan, urte bat eta bi urte bitarteko eskola-umeak egongo dira. Guztira, beraz, bi gela egongo dira adin tarte bakoitzeko.